Udazkeneko feria izanen dute ortziralean eta larunbatean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 23a, 08:00

Urtero bezala, ortzirale eta larunbatean 300 postu inguruk beteko dituzte karrikak, bertako zein kanpotik etorritako merkatariekin. Hortaz, denetik ikusteko eta erosteko aukera izanen da; arropa, jatekoa, jostailuak, diskoak, artisau lanak, galtzerdiak, osagarriak, mantak… Baina postuak baino gehiago izanen dira asteburuan Elizondon

Azienda gustuko dutenek Merkatuko plaza izanen dute bilgune ortziralean, denetik ikusteko aukera izanen baita. Azkeneko urteetan 150 ardi inguru, 100 bat behor eta zaldi, 50 poni inguru, 20 bat behi buru, 10 bat asto eta 4-6 zerri bildu dira, eta aurten ere horrelako kopuruak edo gehiago espero dituzte. Laxoko frontoian, berriz, nekazaritzako makinak, tresnak eta lanabesak izanen dira nagusi.

Pilotazaleek hitzordu berezia izanen dute ortzirale arratsaldean, Aspeko bi partida izanen baitira 18:00etan Baztan pilotalekuan. Lehenik Mata eta Erostarbe, De la Fuente eta Gaskueren kontra arituko dira. Gero, Ezkurdia eta Rezusta, Zabala eta Zabaletaren kontra. Sarrerak salgai daude Futbolin ostatuan eta entradasfronton.com webgunean 30 eurotan.

Saharaztan

Horrez gain, Saharaztan elkarteak tonbola solidarioa paratuko du ferietan. Oporrak Bakean programarako dirua biltzea du helburu egitasmoak, heldu den udako oporretan etorriko diren haur saharar errefuxiatuen hegazkin txartelak ordaintzeko.

Tonbolarekin laguntzeko deia egin die elkarteak Xareta, Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako komertzio, elkarte, sortzaile eta bertzelako eragileei. Adierazi dutenez, ez dute dirurik hartuko, baina erosketa edo deskontu bonuak bai, baita opariak ere, hala nola, jatekoak, arropa, jostailuak eta liburuak.

Antolatze lanak errazte aldera, urriaren 11ra arte paratu zuten haiekin harremanetan jartzeko epea. Harremanetan jarri direnek feriak arte izanen dute oparia emateko astia. Horrez gain, elkarteak sortutako materiala ere izanen da salgai postuan: kamisetak, metxeroak, boligrafoak eta mandatuak egiteko poltsak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun