Elizondoko Ferietako III. Ardi Gasna lehiaketa eginen dute ortziralean

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 23a, 12:00

Kortariko Borda gasnategiak irabazi zuen iaz. Irudia: Ondikol.

Aurtengo edizioan dastaketa herrikoia eginen dute eta herritarrek erabakiko dute gasna irabazlea

Elizondoko Ferietako III. Ardi Gasna Lehiaketa ospatuko dute ortzirale goizean Merkatuko plazako gorapean, baina aurten formatua aldatzea erabaki dute; lehiaketa herrikoia izanen da. Udalarekin eta herriarekin batera, Artzai Gazta elkartea aritu da antolaketa lanetan, Reyno Gourmeten laguntzarekin.

Adierazi dutenez, Nafarroako artzain guztiak daude gonbidatuak parte hatzera, betiere produktuaren osasun erregistroa ziurtatzen badute. Ez da izena emateko eperik izanen, egunean bertan aurkezten ahalko da. Zehazki, 10:30etik 11:00etara gasnak aurkezteko tartea izanen da, eta 11:30ean hasiko da dastaketa herrikoia, trikitixak alaiturik. 13:30ean botoak zenbatu eta irabazlea iragarriko dute.

Aurkeztutako gasnek hainbat baldintza bete beharko dituzte: eskuz eta era artisauen eginak izatea eta norberaren esne propioarekin, hau da, industria ekoizpenekoak ez izatea; etiketa edo osasun erregistroa egiaztatzen duen zerbait edukitzea; bi hilabeteko ontzea izatea; eta 1,2 - 1,8 kilo tarteko gasna izatea, hau da, Idiazabal modukoa.

Herritarrak epaile

Gasna irabazlea erabakitzeko, dastatze txartelak salduko dituzte bi eurotan. Edozeinek izanen du gasnak probatzeko aukera, bakoitza zein gasnategikoa den jakin gabe, eta gehien gustatu zaiona bozkatu beharko du. Ondotik, boto guziak zenbatuko dituzte irabazlea ezagutzeko. Hala ere, epaiketa irizpideak behar dituztenendako, antolakuntzako kideak bertan izanen dira informazioa emateko, zer baloratu behar den, adibidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun