Azaldu dutenez, «betitik izan dugu etxean sutopilak jateko ohitura eta ttikitatik ikasi dugu egiten. Sutopilen aitzakiarekin, familia artean elkartzen ginen jateko. Gure gurasoen kasuan, egunerokotasunean edo maiz jaten zuten zerbait zenez, beraiendako ez zen otordu berezia izaten. Guretako eta gure seme-alabendako, aldiz, jateko goxoenetakoa da».
Masa, sua eta pazientzia
Etxean edo etxetik kanpo sutopilak prestatzeko prozesua desberdina bada ere, «prozesu motza da. Etxean egitean masa lehentxeago prestatzen dugu, legamiak bere efektua egin dezan. Horrela sutopila lodiagoa egiten da eta erditik itekitzen dugu tartean osagaiak sartzeko. Feria edo bestetan, berriz, ez dugu astirik izaten eta masa legamirik gabe egiten dugu, momentuan. Hortaz, sutopilak finagoak izaten dira eta erditik tolesten ditugu osagaiak sartzeko».
Sutopil on bat egiteko, «ezinbertzekoa da osagai onak izatea, masa egiteko neurriak ongi hartzea, eta nola ez, su on bat edukitzea. Alde haundia dago etxean eta etxetik kanpo egiten ditugunen artean; denak mimo haundiz eginak dira, baina etxean egurrezko suan erretzen ditugu eta hori aunitz nabaritzen da jaterakoan». Horrez gain, «bertako komertzioetako osagaiak erabiltzen ditugu beti».
Etxetik plazara
Duela 10 urte erabaki zuten Dolores, Alizia eta Moxto Arraztoak eta Mari Kruz Alemanek sutopilak saltzen hastea. «Taloak saltzen zituzten postuak ikusten genituen, baina sutopilak inoiz ez. Erran daiteke taloak (arto irinarekin eginak) eta sutopilak (gari irinarekin) antzekoak direla, baina zaporeak ez du deus ikustekorik. Hortaz, probatzea erabaki genuen».
Bertako artisauen azokan atera ziren lehenbiziko aldiz, «eta nahiz eta urduritasuna nabaria izan, ederki joan zen eguna eta harrera ona izan zuen hasmentatik». Azaldu dutenez, «normalean hiru koinatak aritzen gara, baina besta haundiagoetan laguntza eskatzen diegu familiakoei; bikoteak, seme-alabak…».
10 urteren ondotik, leku aunitzetan ibiltzeko aukera izan dute, «baina gehienetan Baztanen izaten gara. Hemendik aparte, Urdazubiko hainbat ekitalditara gonbidatu gaituzte, eta Donostiako Santo Tomas egunean ere parte hartzen dugu». Bestarik haundiena Santo Tomas egunekoa bada ere, «inguru honetako bertze edozein egun berezia izaten da guretako, bertako jendea hurbiltzen zaigulakoz».
Kanpoko jendeari ere atentzio ematen dio postuak; «maiz hurbiltzen dira sutopilak nola egiten ditugun ikustera, argazkiak egitera, grabatzera… hemengo jendearendako ez da gauza berria, baino kanpotik etortzen direnak aunitz hurbiltzen dira».
Ferietarako prest
Elizondoko feriak «egun politak» direla diote; «hemengo feria edo azoken artean, lan gehien egiten dugun bi egunak dira. Guk ez dugu karriketan barna ibiltzeko aukera haundirik izaten, baina jende aunitz hurbiltzen zaigu eta arras egun bereziak izaten dira».
Aurten ere bertan izanen dira, «eta gogoarekin hartuko dugu. Guregana hurbiltzeko gonbidapena egin nahi diogu jendeari. Beti bezala, Elizondoko plazan egonen gara sutopilak gustu haundiz egiten. Feria on batzuk pasa!».