javier garde laurnagA

«Abeltzainen lana erakusteko eguna da Elizondoko feria»

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 23a, 09:00

Mendi eta Intza ostatuetako lana abeltzaintzarekin uztartzen ditu Javier Garde arraioztar gazteak. «Betitik» izan dituzte aziendak etxean eta ardi eta behiekin egiten dute lan. «200 bat ardi ditugu eta behiak urtez urte kopuruz haunditu ditugu; 15-20 bat izaten genituen haur denboran, eta orain, etxeko denei gustatzen zaigunez, 80 inguru ditugu».

Azaldu duenez, «bi urtarotan bereizten dugu urtea; aziendak kanpoan direlarik eta barnean direlarik. Kanpoan direlarik belaiez aldatu eta egunero zaintzen ditugu, ura eta bazka izan dezaten. Neguko hilabeteetan, ukuiluan daudelarik, lan gehiago izaten dugu».

Baserriko lanak aldatu ez badira ere, «urteekin aurrerapen haundiak izan dira sektorean eta lana egiteko manera arras diferentea da orain. Instalazio hobeekin animalia kantitate haundiagoa izan dezakegu». Etxean denak aritzen dira aziendekin lanean, «bakoitzak ahal duena egiten. Ostalaritzak aunitz lotzen nau, ez baitugu egun librerik».

Baina lanak bere fruituak ematen ditu. Bildotsari dagokionez, «ekoizpen guzia gure bi ostatuetan saltzen dugu, Intzan eta Mendin». Aratxea ere «ostatuetan saltzen dugu, eta soberan dena Ciaurriz harategira doa». Horrez gain, «aratxe batzuk hazten ditugu behi izateko, eta noizbehinka zezenak ere saltzen ditugu».

Lanaren erakusleihoa

Elizondoko feria eguna «gure lanaren  esposizioa da». Azaldu duenez, «plaza galtzen ari zen eta pena da, baina azkeneko urteetan Elizondoko Herriak eta Baztango Udalak lan haundia egin dute berreskuratzeko. Eta hor ikusi da, plaza aziendaz betez gero, jendez ere betetzen dela». Egun horretan ateratako animaliak ez dira salgai egoten, «normalean erakusteko bakarrik izaten dira. Komertzio batendako erakusleiho bat izanen litzatekeena da guretako plaza».

Baina argi du, horretarako, lan haundia egin behar dela; «ez da azken hamar egunetako lana. Urte guzian egunero egunero egindako lanaren emaitza izaten da». Hala ere, «feria eguna polita izaten da, jende aunitzekin elkartzen gara eta badaude urte osoan egun horretan bakarrik ikusten ditugunak. Galdu behar ez dugun eguna da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun