ines larruy alaña

«Duela 100 urteko errezeta berak egiten segitzen dugu oraindik»

Ttipi-Ttapa 2024ko urr. 23a, 11:00

Malkorra gozotegiaren mendeurrena ospatu dute aurten Elizondon, eta dendaren historiaz eta etorkizunaz mintzatu da Ines Larruy, udazkeneko feriaren karietara

100 urte gozogintzan

1920an ailegatu ziren Donostiatik Elizondorat Martina Otaegi eta Raimundo Malkorra, ezkondu berriak, emaztearen osasun egoera delikatua zela eta, babesleku bila. Esperientzia ederra zuten gozogintzan, gaur oraindik martxan dagoen Otaegui gozotegia sortu baitzuten 1886an Donostian.

Bikotearen lanaren ondorioz, 1924an ireki zituen ateak Elizondoko Malkorra gozotegiak. Hasiera hartan beheitiko karrikan zegoen, Elizaldea etxean, gaur egun Fantxike dagoen lekuan. Baztan osoko herritarren bilgune bihurtu zen agudo, izan ere, txokolategi eta gozotegia baino gehiago izan zen; janari denda, te aretoa, kafetegia… bertako jende xumea biltzen zen hor, baina baita Oieregiko Erreparatzea jauregiko eta Elbeteko Jarola jauregiko pertsona ospetsuak ere. Gaur egun ezagunak eta maitatuak diren pastel, pasta, tarta eta opilak egiten zituzten ordurako.

Beranduago Visitacion Aizpuru Otaegi ailegatu zen, familia zabaltzen funtsezko bihurtu zen iloba. Gozotegian lan egiteaz gain, Feli Malkorra ttikia zaintzen zuen, Raimundo eta Martinaren alaba. Alberto Alañarekin ezkontzean, negozioa utzi eta Azpeitiko Dolores Aizpuru Otaegik hartu zuen bere lekua urte aunitzez.

Belaunaldi berriek eman zioten segida negozioari; Javier Alaña Raimundoren ikastun bihurtu zen, gozogintzaren sekretuak ikasiz. Ondotik Eduardo Los Arcos sartu zen lantegian, Felicitas Malkorraren senarra. 1957an, Javier eta Eduardori esker, hurrakin egina egiten hasi ziren, gaur egun dendaren eta Baztan osoaren ikur bihurtu den txokolatea.

Duela 25 urte lekualdatu zuten lokala eta orain Maria Jose Alaña, Ines Larruy, Kontxita Sanchiz eta Pello Alaña dira negozioko arduradunak.

Garai berriak

Orain dela 40 urte hasi zen gozotegian lanean Ines Larruy Alaña, eta azaldu duenez, «Malkorra aunitz aldatu da urteekin. Lehen bertze komertzio klase bat zen. Orain kafetegia da, izozkiak egiten ditugu… hala ere, errezeta berak egiten segitzen dugu eta lan egiteko modua ere berdina da, eskuz egina, betikoa».

Ttikitako oroitzapen politak ditu dendan; «arras desberdina zen dena, bertze mundu bat. Herria ttikiagoa zen, jende guttiagorekin, eta denok elkar ezagutzen genuen. Bertze giro bat izaten zen».

Gaur egun gozotegia ongi doala dio, «eta hurrakin egina da produktu nagusia eta salduena, gure ikurra. Txokolatezko teila ere aunitz saltzen da eta azken aldian txokolatezko palmerak arrakasta haundia izan du. Horiek dira, zalantzarik gabe, gehien eskatzen dizkiguten hiru produktuak».

100 urte ez dira egunero betetzen eta urte berezia da gozotegiarendako. Hala ere «oraingoz ez dugu urteurreneko ospakizun berezirik egin. Urtea akitu aitzinetik zer eginen dugun pentsatzen ari gara, baina denbora behar horretarako!».

Etorkizunera begira

Dendaren etorkizunari dagokionez, «ez dakigu nolakoa izanen den, guk aitzinera segituko dugu jubilatu arte, baina ezin dugu gehiagorik erran. Aunitz aldatzen ari dira gauzak eta ikusiko dugu…».

Baina zerbait argi badute, Elizondoko ferietan ateak irekiak izanen dituztela da hori. «Ferietan beti mugimendu haundia nabaritzen da, aunitzez ere jende gehiago ibiltzen baita herrian». Eta doike, prestatzen ere hasiak dira; «ferietako postre tipikoa egiten ari gara: kakahuete turroia. Eztiarekin eta kakahuetearekin egiten da eta betitik egin izan da ferietarako. Jendeak gustuko du eta aunitz saltzen dugu egun horien bueltan».

Azkenik, «eskerrak eman nahi dizkiogu Baztango eta inguruko jende guziari gurekin egoteagatik urte hauetan guzietan. Esker mila!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun