BELEN URRUTIA HUALDE

«Baztango ia emakume guztiek probatu dute eskubaloia»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 11a, 08:00

17 urtez jokatu zuen Belen Urrutiak eskubaloian BKTn.

Duela 36 urte sortu zen BKT eskubaloi taldea, eta gaur egun emakumeen kirolaren erreferente bihurtu du Baztanen. Taldearen historiaz eta egungo egoeraz solastatu da Belen Urrutia, jokalari ohia eta batzordeko kide gaur egun.

Nola sortu zen BKT eskubaloi taldea?

70eko hamarkadan Elkartasuna eskubaloi taldea sortu zen Baztanen, baina mutilak bakarrik aritzen ziren bertan. 1978an neska batzuk hurbildu ziren Iñaki Uriarte eta Jose Miguel Barberena Xumuxu entrenatzaileengana, kirola egin nahi zutela erranez, eta haiei esker hasi ziren. Orduan ez zuten izenik ere, eta Baztan Kirol Elkartearekin, fubtol taldearendako zen elkartea, eman zituzten lehenbiziko pausoak eskubaloian. 1988an, berriz, eskubaloiak bere kabuz segitzeko Baztango Kirol Elkartea sortu zuten; lehenbiziko estatutuak idatzi, batzordekideak erabaki, eta maiatzaren 4an hasi zen martxan kluba. Emakumeei kirola egiteko aukera bat ematea zen taldearen helburua.

Hasieran neskak eta mutilak aritzen ziren taldean, ezta?

Bai, kristoren afizioa izan zen garai hartan, eta sekulako lehia izaten zuten Errekarekin. Jendetza hurbiltzen zen partiduak ikustera, mutikoenak zein neskenak. Elizondoko frontoian aritzen ziren, orain Baztan pilotalekua dena. Hor hasi ginen baztandarrak erakusten lehiatzeko gai ginela eta gehiago lortzeko potentziala genuela. Gizonek 1987an utzi zuten baina emakumeek eskubaloiarekin segitu genuen, eta kluba mailaz igo eta handitu egin zen. Erakutsi genuen emakumeak ere goi mailako kirolean aritzen ahal garela.

Noiz hasi zinen eskubaloian?

1980an hasi nintzen entrenatzen, 10 urterekin, Elizondoko eskolan. Lehenbiziko egunean ez nuen bakarrik joan nahi eta bizpahiru lagun hasi ginen. Oroitzen naiz maila haundiko jendea zegoela entrenatzen: Berroetakoak, Erratzukoak, Arizkungoak, Elizondokoak… arras ongi aritzen ziren eta pentsatu nuen haiek bezala jokatu nahi nuela. Atezain bezala paratu nintzen, eta eskolarteko txapelketak egiten genituen bertze herrien kontra; Doneztebe, Lesaka, Bera…  Urtez urte kategoriaz igotzen hasi ginen eta dinamika horretan sartu ginen. 

Zer eman dizu eskubaloiak?

Nire lagun taldetik kanpo, kirolaren munduarekin lotutako jende aunitz ezagutzeko aukera. Gaur egun kuadrilla bat baino gehiago dituztela erran dezaket. Bidaiatzeko aukera ere eman zigun; Nafarroako Federazioarekin leku aunitz ikusi genituen eta Euskal Federazioan Gipuzkoa guzia ezagutu genuen. Esperientzia arras aberasgarria izan zen.

Noiz erretiratu zinen?

27 urterekin, 1997an, Elbeteko Posadan hasi nintzenean lanean.

Hala ere, taldeko juntan zaude. Nola sartu zinen?

Jendea behar zen eta laguntzea erabaki nuen. Eskubaloia utzi banuen ere, jokalariek barnean izaten dugu beti har hori eta ez gara inoiz mundu horretatik urruntzen. Paperekin lanean hasi nintzen eta urte mordoa egon nintzen, baita lehendakari izan ere. Azken finean, erakundeek egitura bat eskatzen diete taldeei eta jendea behar da lan horiek aitzinera eramateko.

Udalak kluba omendu zuen apirilaren 13an, emakumeen kirolaren alde egindako lanagatik. Ondikol.

Urte hauetan gorabehera aunitz izan ditu klubak. Zein izan du momenturik hoberena?

2005etik 2009ra urte arras onak izan genituen. Jokalarien harrobi haundia genuen eta neska pila bat aritu ziren, emakumeek ez baitzuten bertze aukerarik kirola egiteko. Maila ona eman zen garai horretan, liga irabazi zen eta Lehen Maila Nazionalera igo zen taldea. Horrek lan aunitz ekarri zuen; lehia exijentea zen eta astean lau aldiz entrenatzen ziren. Gainera, partidak Valentzian, Alcobendasen, Kanarietan… izaten ziren. Jende aunitzek ezin zuen edo ez zuen nahi horrelako maila serio eta exijentean aritu, eta kanpoko fitxaketekin bete ziren postu batzuk. Ohorezko Mailara igotzeko aukera ere izan genuen, baina ez genuen lortu. Urte arras onak izan ziren eta maila arras altuan aritu zen taldea.

Eta nola ikusten duzu kluba gaur egun?

Gorabehera aunitz izan ditu, baina ongi dago. Egia da azken urtean, estatuko emakumeen futbol selekzioak munduko txapelketa irabazi zuenean, neska aunitz futbolean hasi zirela. Hala ere, 120-150 jokalari inguru izan ditugu beti taldean. Urtero egiten dugu deialdia eskoletan, probatzera anima daitezen, eta jendea etortzen da. Baztango kirolean gure tokia egina dugu, eskubaloiak jendea mugitzen du eta klubak etorkizun ona duela uste dut.

Neskei kirol taldean aritzeko aukera eman die BKTk?

Bai, gu hasi ginenean ez zegoen bertze kirol talderik neskendako. BKT hor egon ez bazen, hemengo hainbertze emakumek ez zuten kirola behar bezala egiteko aukera eduki izanen. Parte hartu dutenen zerrenda begiratuta, Baztango ia emakume guztiek probatu dute eskubaloia.

Eragin sozial haundia izan du?

Bai, hori da guk aldarrikatzen duguna. Emakumeei kirola egiteko espazio bat eman die klubak, eta berdintasuna, joko garbia eta errespetua bezalako baloreak transmititu ditu eta transmititzen ditu oraindik. Entrenatzaile eta jokalarien artean ere harreman polita sortzen da. Gainera, jende pila joaten da emakumeen arteko partidu hauek ikustera. Sozialki, kristoren lana egin da eta garrantzia haundiko kluba izan da.

Udalak kluba omendu du…

Urteetan BKTk emakumeen kirolean izan duen garrantzia goraipatzeak ilusio haundia egin digu. Egindako lan guzia saritzean, konturatu gara kanpotik ere ikusi dela eta balorea ematen zaiola. Ekitaldi polita izan zen, aunitz eskertzen dugu eta lanean ilusioarekin segitzera motibatu gaitu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun