Jone Uriarte Jaimerena

«Ez dut bizitza eskubaloirik gabe ezagutu»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 11a, 10:00

BKTko entrenatzailea da Jone Uriarteren aita, eta haren pausoak segituz hasi zen eskubaloian bederatzi urte zituela. 11 urterekin «lehenbiziko aldiz alebin mailako talde bar sortzeko jende andana elkartu ginen, eta lehiatzen hasi ginen. Urte arras polita izan zen guretako».

Hasi zenetik ez dio kirolari hutsik egin. Orain, 27 urte dituela, Baztango seniorretan segitzen du, «eta oraindik bakarren batzuk gelditzen zaizkit jokatzeko erretiratu aitzinetik!». Jokalaria ez ezik, kadeteen entrenatzailea ere bada. Adierazi duenez, «nik ez dut bertze modu batera ezagutu bizitza, eta honetan segitzen badut, gustura nagoelako da».

Eskubaloian «urte guztiak desberdinak dira, baldintza aunitzen baitaude: norbera nola dagoen fisikoki eta mentalki, taldeak zein helburu duen, entrenatzailea ezagutzen duzun edo berria den, norberaren eta taldekideen adina, bakoitzak duen rola… Hala ere, arras esperientzia betegarria eta konpletoa da. Ez da bakarrik eskubaloian jokatzea; lagun taldea elkartzea, bidaiak egitea, konpromisoa, lehia, elkarbizitza…».

BKTri dagokionez, «gauzak aitzinera ateratzeko borondatea» nabarmendu du, «bai juntakide, bai entrenatzaile, bai jokalari eta baita familiek ere. Bakoitzak bere arloan. Ordu aunitz dira eta batzuetan neketsua suerta daiteke, baina konpromiso aunitz dago denak ahal bezain ongi funtzionatzeko». Horrez gain, «bi denboraldi jokatu nituen bertze talde batean, eta gustura ibili nintzen, baina etxean bezala inon ez! Hemen denok elkar ezagutzen, errespetatzen eta zaintzen dugu. Klub honen parte sentitzeak kristoren balio du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun