Nafarroako herri kirol txapel uzta bikaina ekarri dute eskualdeko kirolariek Iruñeko sanferminetatik

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 16a

Hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatuko duen boskotea: Unai Valverde, Iker Goldarazena, Jose Maria Benito, Urko Erize eta Xabier Mitxelena iruritarra.

Iruñeko sanferminak bukatu dira eta, bestekin batera, baita Foruen Plazan goizero jokatu dituzten herri kirol txapelketak eta erakustaldiak ere. Egunero eman dugu txapelketa horien berri, baina ikuspegi orokor bat emateko, Iruñean gertatutakoaren errepasoa eginen dugu. Izan ere, txapel uzta handiarekin bueltatu dira eskualdeko kirolariak.

Nerea Sorondo beratarra eta Jon Rekondo leitzarra aizkoran, Sunbillako Unai Bertiz gurdi altxatzen, Iñigo Goienetxe amaiurtarra lasto altxatzen, Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias eta Basaburuko kadeteak arpanan eta Iturengo Maika Ariztegi eta Leitzako Josetxo Urrutia ingudearekin txapeldun izan dira

Hasteko, uztailaren 8an, Nafarroako Gizonezkoen Binakako Aizkora Txapelketa irabazi zuten Iker Vicentek eta Jon Rekondo leitzarrak. Egun berean, Nafarroako Gizonezkoen Gurdi Altxatze Txapelketa irabazi zuen Unai Bertiz sunbildarrak.

Uztailaren 9an, Nafarroako Emakumezkoen Aizkolari Txapelketa irabazi zuen Nerea Sorondo beratarrak (Maika Ariztegi hirugarren izan zen) eta Lasto Altxatze Txapelketan Iñigo Goienetxe amaiurtarra izan zen txapeldun, Igor Goienetxe eta Lander Landiribar herritarren aitzinetik.

Uztailaren 10ean jokatutako kadete mailako arpana txapelketan Basaburuko bikoteak jaun eta jabe izan ziren (Eñaut Oteiza eta Aimar Bikondo txapeldun, Adei Usandizaga eta Sustrai Lakosta bigarren eta Aimar Agesta eta Junes Alzuri hirugarren)

Uztailaren 11n jokatutako arpana txapelketa bigarrenez irabazi zuten Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias anaiek gizonezkoetan eta emakumezkoetan hirugarren izan ziren Iruritako Leire Arraztoa eta Saioa Dendarieta. Nafarroako Gizonezkoen Harri altxatze Txapelketan, Unai Urkiola leitzarra txapeldunorde izan zen eta Josetxo Urrutia leitzarra seigarren. Honek, azken parte hartzea zuenez, agurra egin zuen.

 

Hirugarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa

Uztailaren 12an hirugarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketan Mikel Santesteban zubietarra, Xabier Mitxelena iruritarra eta Eñaut Korta eta Andoni Latorre beratarrak izan ziren eskualdeko ordezkariak. Denera hamabortz aizkolari lehiatu ziren, bi kanaerdikotara, abuztuaren 15ean Arantzan jokatuko den finaleko bortz txartelen bila. Iker Goldarazena (Berriozar), Xabier Mitxelena (Irurita), Unai Valverde (El Espinar-Segovia), Jose Maria Benito (Valsain-Segovia) eta Urko Erize (Osakar) izanen dira finalean eta bi lehenbizikoek bigarren mailara igatea lortuko dute (argazkian). Lehen aldiz egin den emakumezkoen harri altxatze txapelketa (eskualdeko harri altxatzailerik gabe) ere jokatu zuten eta Barañaingo Ane Zestau suertatu zen txapeldun.

Uztailaren 13an, txapelketa ofizialik ez, baina Unai Bertiz sunbildarra gailendu zen giza proba erakustaldian, 440 kiloko harriarekin. 1.100 kiloko harriarekin ere erakustaldia egin zuen Joseba Sanchez leitzarrak eta plaza bat eta 2,90 metro egin zituen.

Akitzeko, uztailaren 14an, Nafarroako ingude altxatze txapelketa irabazi zuten Maika Ariztegi iturendarrak hamaseigarren aldiz eta Josetxo Urrutia leitzarrak hamabigarrenez. Gainera, Iruritako Leire Arraztoa eta Berako Aleix Pedrosa txapeldunorde izan ziren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun