Basaburua nagusi kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 10a

Iruñeko sanferminen barrenean, gaur kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketa jokatu dute bortz bikotek. Lehenbiziko hiru postuetan Baztango Basaburukoak gelditu dira. 

Sailkapena:
  1. Eñaut Oteiza / Aimar Bikondo (Basaburua): 5.17.05
  2. Adei Usandizaga / Sustrai Lakosta (Basaburua): 5.24.06
  3. Aimar Agesta / Junes Alzuri (Basaburua): 5.37.02
  4. Egoi Doncel / Iker Urmeneta (Antsoain): 7.41.22
  5. Arane Armendariz / Okabe Goikoa (Antsoain): 10.10.71

Ondoko egunetan hitzordu gehiago

Uztailaren 11n gizonezkoen arpana txapelketa jokatuko dute. Gizonezkoetan, Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrak ariko dira, Josetxo eta Iñaki Barberena eta Bastien eta Christophe Garat anaiekin batera. Emakumeen arpana txapelketan Leire Arraztoa eta Saioa Dendarieta iruritarrak ariko dira, Uxue Ansorregi-Aurkene Aroca eta Maddi Braco-June Etxeberria bikoteekin batera. Gizonezkoen harri altxatze txapelketan Josetxo Urrutia eta Unai Urkiola leitzarrak ariko dira, Alvaro Zugarrondo, Diego Iriarte, Alberto Maestre, Hodei Amezkua eta Alex Fernandezekin batera.

Uztailaren 12an hirugarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketan Mikel Santesteban zubietarra, Xabier Mitxelena iruritarra eta Eñaut Korta eta Andoni Latorre beratarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak. eta lehen aldiz eginen den emakumezkoen harri altxatze txapelketa (eskualdeko harri altxatzailerik gabe) jokatuko dituzte.

Uztailaren 13an San Fermin sokatira 4x4 torneo mistoa (Beti Gazte), giza proba torneoa eta erakustaldia (Unai Bertiz sunbildarra eta Joseba Sanchez leitzarra) eta emakumezkoen aizkora erakustaldia bikoteka (Nerea Sorondo beratarra eta Xanta Sousa lesakarra) eginen dituzte.

Uztailaren 14an, azkenik, ingude txapelketak (Josetxo Urrutia leitzarra eta Aleix Pedrosa beratarra, Xabier Altuna, Aitor Oiarbide eta Alex Fernandezekin batera gizonezkoetan eta hamabortz aldiz txapeldun izan den Maika Ariztegi iturendarra eta Leire Arraztoa iruritarra emakumezkoetan, Nerea Arguellesekin batera) jokatuko dituzte. Mikel Lasartek motozerra erakustaldia ere eskainiko du.

Saioa guztiak 11:00etan hasiko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun