[ARGAZKIAK] Nerea Sorondo beratarrak Nafarroako zapela jantzi du aizkoran eta Iñigo Goienetxe amaiurtarrak lasto altxatzen

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 10a

Nafarroako emakumezkoen aizkolari txapelketa, gizonezkoen lasto altxatzeko txapelketa eta gizon nahiz emakumezkoen txinga txapelketak jokatu zituzten atzo Iruñeko sanferminetan. 

Emakumezkoen aizkolari txapelketa

Zapela Berara ekarri zuen Nerea Sorondok. Maika Ariztegi iturendarra, berriz, hirugarren gelditu zen.

  1. Nerea Sorondo: 14.00
  2. Uxue Ansorregi: 14.27
  3. Maika Ariztegi: 22.56
Gizonezkoen lasto altxatze txapelketa

Gizonezkoen lasto altxatze txapelketan Iñigo Goienetxe, Igor Goienetxe eta Lander Landiribar amaiurtarrak ibili ziren, eta ordena horretan sailkatu ziren:

  1. Iñigo Goienetxe: 17 altxaldi
  2. Igor Goienetxe: 13 altxaldi
  3. Lander Landiribar: 8 altxaldi

Gizon nahiz emakumeen txinga txapelketetan ez zen eskualdekorik izan.

Ondoko egunetan hitzordu gehiago

Uztailaren 10ean kadete mailako arpana txapelketa jokatuko dute. Basaburuko hiru bikote (Eñaut Oteiza-Aimar Bikondo, Aimar Agesta-Junes Alzuri eta Adei Usandizaga-Sustrai Lakosta) eta Antsoaingo bi ariko dira. Proba konbinatu erakustaldiak ere eginen dituzte, kimu, haur eta kadete mailetan.

Uztailaren 11n gizonezkoen arpana txapelketa jokatuko dute. Gizonezkoetan, Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrak ariko dira, Josetxo eta Iñaki Barberena eta Bastien eta Christophe Garat anaiekin batera. Emakumeen arpana txapelketan Leire Arraztoa eta Saioa Dendarieta iruritarrak ariko dira, Uxue Ansorregi-Aurkene Aroca eta Maddi Braco-June Etxeberria bikoteekin batera. Gizonezkoen harri altxatze txapelketan Josetxo Urrutia eta Unai Urkiola leitzarrak ariko dira, Alvaro Zugarrondo, Diego Iriarte, Alberto Maestre, Hodei Amezkua eta Alex Fernandezekin batera.

Uztailaren 12an hirugarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketan Mikel Santesteban zubietarra, Xabier Mitxelena iruritarra eta Eñaut Korta eta Andoni Latorre beratarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak. eta lehen aldiz eginen den emakumezkoen harri altxatze txapelketa (eskualdeko harri altxatzailerik gabe) jokatuko dituzte.

Uztailaren 13an San Fermin sokatira 4x4 torneo mistoa (Beti Gazte), giza proba torneoa eta erakustaldia (Unai Bertiz sunbildarra eta Joseba Sanchez leitzarra) eta emakumezkoen aizkora erakustaldia bikoteka (Nerea Sorondo beratarra eta Xanta Sousa lesakarra) eginen dituzte.

Uztailaren 14an, azkenik, ingude txapelketak (Josetxo Urrutia leitzarra eta Aleix Pedrosa beratarra, Xabier Altuna, Aitor Oiarbide eta Alex Fernandezekin batera gizonezkoetan eta hamabortz aldiz txapeldun izan den Maika Ariztegi iturendarra eta Leire Arraztoa iruritarra emakumezkoetan, Nerea Arguellesekin batera) jokatuko dituzte. Mikel Lasartek motozerra erakustaldia ere eskainiko du.

Saioa guztiak 11:00etan hasiko dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun