Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias anaiek irabazi dute Nafarroako arpana txapelketa

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 13a

Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias anaiek bigarrenez irabazi dute Nafarroako arpana txapelketa.

Asteburuan ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Nafarroako herri kirol txapelketak jokatu dituzte Iruñeko Foruen Plazan. Larunbatean, iaz bezala, gizonezkoen arpana txapelketa irabazi zuten Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias anaiek. Harri altxatzen, txapeldunorde izan zen Unai Urkiola leitzarra eta azken altxaldiak egin zituen Josetxo Urrutia beteranoak. Igandean, Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketa jokatu zuten eta abuztuaren 15ean Arantzan jokatuko den finalerako txartela lortu zuen Xabier Mitxelena iruritarrak.

Arraiozko Urrutia eta Saldias anaiak arpanan txapeldun bigarren aldiz

Uztailaren 11n gizonezkoen arpana txapelketa jokatu zuten. Gizonezkoetan, Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldias anaiak suertatu ziren txapeldun. Bederatzi minutu eta 18 segundo behar izan zuten lana akitzeko (54 ontzako enborrari hamalau epai horizontalean eta lau bertikalean), Josetxo eta Iñaki Barberena anaiek baino 13 segundo guttiago. Bastien eta Christophe Garat anaiak hirugarren izan ziren.

Lan bikaina egin zuten Arraiozko Dani Saldiasek eta Xabier Urrutiak.

Emakumeen arpana txapelketan Leire Arraztoa eta Saioa Dendarieta iruritarrak hirugarren izan ziren, Uxue Ansorregi-Aurkene Aroca txapeldunen eta Maddi Braco-June Etxeberria txapeldunordeen gibeletik.

Leire Arraztia eta Saioa Dendarieta iruritarrak lanean.

 

Unai Urkiola leitzarra txapeldunorde harri jasotzen, Josetxo Urrutiaren azken saioan

Gizonezkoen harri altxatze txapelketan Josetxo Urrutia eta Unai Urkiola leitzarrak aritu ziren, Alvaro Zugarrondo, Diego Iriarte, Alberto Maestre, Hodei Amezkua eta Alex Fernandezekin batera. Iruñeko Hodei Amezkua nagusitasunez suertatu zen txapeldun (6.387,5 kilo), Unai Urkiola leitzarra txapeldunorde (4.762,5 kilo) eta Alvaro Zugarrondo hirugarren (4.000 kilo). Josetxo Urrutia leitzarra seigarren izan zen (3.425 kilo) eta azken parte hartzea zuenez, agurra egin zuen azkenean.

Nafarroako harri jasotze txapelketan Hodei Amezkua txapeldun eta Unai Urkiola leitzarra txapeldunorde. Josetxo Urrutia leitzarrak azken altxaldiak egin zituen.

 

Hirugarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketa

Uztailaren 12an hirugarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketan Mikel Santesteban zubietarra, Xabier Mitxelena iruritarra eta Eñaut Korta eta Andoni Latorre beratarrak izan ziren eskualdeko ordezkariak. Denera hamabortz aizkolari lehiatu ziren, bi kanaerdikotara, abuztuaren 15ean Arantzan jokatuko den finaleko bortz txartelen bila. Iker Goldarazena (Berriozar), Xabier Mitxelena (Irurita), Unai Valverde (El Espinar-Segovia), Jose Maria Benito (Valsain-Segovia) eta Urko Erice (Osakar) izanen dira finalean eta bi lehenbizikoek bigarren mailara igatea lortuko dute.

Lehen aldiz egin den emakumezkoen harri altxatze txapelketa (eskualdeko harri altxatzailerik gabe) ere jokatu zuten igandean. Barañaingo Ane Zestau suertatu da txapeldun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun