Maika Ariztegik hamaseigarrenez eta Josetxo Urrutiak hamabigarrenez irabazi dute Nafarroako ingude altxatze txapelketa

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 15a

Maika Ariztegi, hamaseigarren aldiz Nafarroako ingude altxatze txapelketako txapeldun, Nerea Arguelles (3.) eta Iruritako Leire Arraztoaren (2.) artean.

Iruñeko sanferminetan azken herri kirol jardunaldia izan zuten uztailaren 14an. Nafarroako ingude altxatze txapelketak jokatu zituzten eta, pronostikoak betez, Maika Ariztegi eta Josetxo Urrutia suertatu ziren txapeldun. Iturendarra hamaseigarren txapela du eta leitzarrak hamabigarrena.

Leire Arraztoa iruritarra eta Aleix Pedrosa beratarra txapeldunorde izan dira

Emakumeen Nafarroako ingude altxatze txapelketan, minutu eta erdian 91 altxaldi egin zituen Maika Ariztegi iturendarrak 9 kiloko ingudearekin, txapela janzteko. Iruritako Leire Arraztoak 86 altxaldi egin zituen eta Altsasuko Nerea Arguellesek 80 altxaldi.

Gizonezkoen Nafarroako ingude altxatze txapelketan, berriz, Josetxo Urrutia leitzarrak minutu eta erdian 82 altxaldi egin zituen 18 kiloko ingudearekin. Berako Aleix Pedrosak 77 altxaldi egin zituen, Etxarri-Aranatzeko Aitor Oiarbidek bezalaxe, baina beratarrak lehenago egin zuenez, bigarren postua beretzat izan zen. Suarbeko Xabier Altunak 75 altxaldi egin zituen.

Josetxo Urrutia leitzarra, hamabigarrenez txapeldun eta Aleix Pedrosa beratarra (kamixeta granatearekin) txapeldunorde.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun