Guttieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko. Lelo hori du ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek martxoaren 17rako egin duten greba orokorrerako deialdiak.
Alde batetik, «Euskal Herriko errealitate soziekonomikora egokitutako guttieneko soldata» eskatzen dute, hemen erabakitzea, alegia, «gaur egun Madrildik ezartzen denak geroz eta pertsona gehiago pobretzen dituelako, bereziki, emakumeak*, gazteak eta migratutako pertsonak». Horrekin batera, «gutxieneko soldata duina» nahi dute. Guttieneko soldata 1.221 eurokoa da aurten, iaz baino 37 euro gehiago. Baina sindikatuen arabera, ez da aski. «Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Horrek langileen bizi baldintzak nabarmen kaskartu ditu». Garrantzitsua iruditzen zaie «1.500 euroko guttieneko soldata ezartzea». Gisa berean, «soldatak hobetu eta aberastasunaren banaketa justuagoa» aldarrikatu dute.
Aspalditik dituzte helburu horiek begiz joak. Nafarroan, adibidez, soldata propioa lortzeko bi bide landu dituzte. Batetik, UGT, CCOO sindikatuak eta CEN patronala hitzarmen bat sinatzera gonbidatu zituzten, baina ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek salatu dutenez, «hiru erakundeetako bat ere ez zen bilerara joan, gizarte osoaren eta bereziki zaurgarrienen mesederako izanen litzatekeen proposamenaren kontrako jarrera argia erakutsiz». Horrekin batera, «Maria Txibite Nafarroako presidenteak ekimen honen sustatzaileekin biltzeari uko» egin ziola kritikatu izan dute. Bertzetik, Nafarroak bere guttieneko soldata ezartzeko, herri ekimen legegilea ere martxan paratu nahi zuten, baina «Nafarroako Parlamentuak ez zuen tramitera onartu». 18.316 nafar langileren sinadurak ere bildu zituzten, «herri ekimen legegilea martxan paratzeko eskatzen den guttieneko sinadura kopurua hirukoiztuz».
ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuen hitzetan, «bi bideak blokeatu dituzte patronalak eta euren mesedetara lerrokatu diren UGT eta CCOO sindikatuek eta Nafarroako Gobernuak». Eta hala, gobernuei eta patronalei «erantzun indartsua» emateko intentzioarekin, grebara deitu dute.
Gaiari buruz aritu dira ELAko Josune Guerra Baraibar leitzarra, LABeko Haritz Bereau Mutuberria sunbildarra, Steilaseko Ane Apezetxea Gorrotxategi goizuetarra, Etxalde baserritarren mugimenduko Gotzone Sestorain Zabaleta leitzarra eta Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko Jose Miguel Elizalde Goñi Kote elbetearra. Bertze zortzi lagunen testigantzak ere bildu ditu TTIPI-TTAPAk, eta denak gaur eta bihar argitaratuko ditu ERRAN.EUSen.
Bertzalde, greba orokorrerako bertze deialdi bat egin dute Nafarroan egun berean, CNT, CGT eta Solidari sindikatuek eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Bizi eta lan baldintza duinak, kapitalismoari aurre egin lelopean, bertzearen «osagarri» dela erran dute.
Mobilizazioak
Martxoaren 17an, greba batzordeek mobilizazioak antolatu dituzte inguruan.
Bortziriak
- 08:30ean elkarretaratzea eginen dute Zalaingo industrialdean. Alco enpresaren inguruan.
- 09:00etan autoak banatzeko elkartuko dira Botxoko aparkalekuan eta handik Oronozera joanen dira.
Malerreka
- 08:30ean kotxeekin itzulia eginen dute Donezteben Bordatxoko aparkalekutik abiatuta.
- 09:15ean berriz ere toki berean elkartuko dira handik Oronozera joateko.
Baztan
- 08:00etan kotxe itzulia eginen dute Baztanen gaztetxe atarian hasita.
Hitzordu bateratuak
Eskualdez eskualdeko hitzorduen ondotik, 09:30ean Oronoz-Mugairiko aparkalekuan elkartuko dira eta handik Iruñeko manifestaziora joanen dira autoz bata bertzearen gibeletik. Iruñean 12:30ean hasiko da manifestazioa Gaztelu plazan. Arratsaldean, 17:30ean Donezteben, Avia gasolindegitik abiatuta, Baztan-Bidasoko mobilizazioa eginen dute.

