Orain arte egindako bidearen inguruan, «balorazio positiboa» egin du Steilas sindikatuko Ane Apezetxeak Gorrotxategik, «Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioaren eta duinaren aldeko borroka erdigunera ekarri» dutelako. Baina aldi berean, «lan eta gizarte eskubideetan egiturazko aldaketa beharra nabaria» da oraindik. Hortaz egin du mobilizatzeko deia.
Azken boladan, gutxieneko soldata duina lortzeko ahaleginak egin dituzue sindikatuek. Orain artekoaz, ze balorazio eginen zenuke?
Azkenaldian izan den aktibazio sindikalak eta sozialak lortu du Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioaren eta duinaren aldeko borroka eztabaida publikoaren eta politikoaren erdian kokatzea. Eta horren inguruko balorazioa oso positiboa da. Gaia erdigunera ekarri bada, mobilizazioei eta eragile sindikalen zein sozialen elkarlanari esker izandu da.
«Azkenaldian izan den aktibazio sindikalak eta sozialak lortu du Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propioaren eta duinaren aldeko borroka eztabaida publikoaren eta politikoaren erdian kokatzea»
Oinarrizko lan baldintzak hemen erabakitzeko beharra gehiengo sozial batek babestu izana baloratzekoa da. Aldi berean, larriak dira ordezkari politikoek norabide honetan jarritako oztopoak, patronalekin batera espainiar estatuko lan legedia inposatu nahi baitute, euskal langile klasea oraindik ere egoera prekarioagora bultzatzeko.
Dena den, egindako mobilizazioei esker EH Bilduk eta Geroa Baik Nafarroak bere LGS propioa ezartzeko eskumena izan dezan lege proposamena aurkeztu eta greba baino bost egun lehenago bozkatu zuten Nafarroako Parlamentuan. Ez zuen aldeko gehiengorik lortu, PSN, Contigo-Zurekin, PP eta Vox alderdiek bozkatu baitzuten kontra. Bloke progresista bera ere langile klasearen interesen aurka dugu eta estatuaren ikuspegi zentralista lehenetsi dute. Horregatik jarraitu behar dugu presioa egiten, guztion indarrarekin eta antolatuz lortu izan direlako orain artekoak ere.
Zergatik bat egin du zuen sindikatuak greba deialdiarekin?
Patronalek irabaziak handitzen jarraitzen duten bitartean, langile klasearen bizi baldintzek okerrera egin dute. Bizitzaren kostua nabarmen garestitu da, etxebizitzaren prezioak, energiarenak edo elikagaienak etengabe igotzen ari dira eta inflazioa jasangaitza izatera iritsi da. Aberatsak aberatsago eta langile sektorea geroz eta pobreago. Emakumeak*, pertsona migratuak, arrazializatuak, aniztasun funtzionala dutenak, gazteak edo sexu-genero disidenteak dira kolektibo prekarizatuenak.
Steilas hezkuntzako sindikatua den heinean, sektore honetan ere badira 1500 euroko gutxieneko soldatara iristen ez diren langileak edo familiak. Nafarroan haur pobreziak adingabeen % 21i eragiten die, lau familiatik bat (% 25) dago gizarte bazterkeria egoeran eta horrek eragin zuzena du eskoletan. Azken urtean, % 4,5 igo da haurren pobretze tasa eta eskola publikoa da gizarte bazterkeria hori murrizteko mekanismo nagusietako bat, osasungintza publikoarekin batera.
Beraz, 1500 euroko LGSarekin batera, ezinbestekoa da zerbitzu publikoen defentsa, urrats garrantzitsua izanen baita orekatuagoa eta bidezkoagoa izanen den gizarte baterantz bidea egiteko.
«Lan eta gizarte eskubideetan egiturazko aldaketen beharra nabaria da, eta mobilizazioa ezinbesteko tresna»
Lan eta gizarte eskubideetan egiturazko aldaketen beharra nabaria da, eta mobilizazioa ezinbesteko tresna. Horregatik animatzen ditugu Euskal Herriko langile guztiak, gurekin batera, martxoaren 17an kalera ateratzera.
Aldarrikapenak argiak dira. Alde batetik, 1.500 euroko Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzea ezinbesteko neurria da pobreziarekin eta prekarietatearekin bukatzeko lehen urrats gisa; bigarrenik, langile guztientzako lan baldintza duinak kohesio soziala eta bizi kalitatea bermatzeko ezinbesteko neurriak dira; bestetik, aberastasunaren banaketa justu eskatzen dugu, langileen prekarietate egoera gordintzen ari den bitartean, aberastasunak esku gutxitan kontzentratua segitzen duelako eta berdintasunaren aldeko neurri garrantzitsua da; Azkenik, soldatak, enplegua eta lan baldintzak hemen erabakitzea eskatzen dugu. Negoziazio esparru propioak defendatzen ditugu, baldintzak Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokitzeko. Burujabetzan aurrerapauso handi bat ahalbidetzen du horrek.
Ze eskatuko zenioke patronalari?
Sinatu ditzatela lanbide arteko akordioak 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko.
Eta gobernuei?
Gauzatu ditzatela gutxieneko soldata hemen erabakitzeko behar diren ekimen politikoak, bai bertako parlamentuetan zein Madrilen. Eta euskal alderdiek babestu ditzatela.
«1.500 euroko LGS batek ez du arazoa bere osotasunean konponduko, kopurua handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, baina helburua ez da oraina, eraiki nahi dugun gizartea baizik»
Grebari begira, ze esanen zenieke herritarrei?
Ultraeskuinaren gorakada, pribatizazioa eta indibidualismoa zabaltzen eta gailentzen ari diren uneotan, gizartea politizatzeko beharra dugu. Ezin dugu beste alde batera begiratu eta herritarroi dagokigu guztiontzako eskubideak defendatzea. Justizia sozialaz ari gara. Borroka hau klase elkartasunean sostengatzen da eta guztion ardura da bizitza, pentsio eta lan duinak aldarrikatzea. 1.500 euroko LGS batek ez du arazoa bere osotasunean konponduko, kopurua handiagoa izatea gustatuko litzaiguke, baina helburua ez da oraina, eraiki nahi dugun gizartea baizik.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Borroka hau ez da soilik interes sindikalekoa, aldarrikapen honek konpromiso kolektiboa eskatzen du, gaur defendatzen ditugun eskubideek hurrengo belaunaldien bizi baldintzak markatuko baitituzte. Presioari eutsi behar diogu Hego Euskal Herrirako 1.500 euroko LGS izan arte.