Martxoaren 17ko greba orokorra

«Gu gaizki gaude baina gazteek oraino panorama makurragoa dute»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 15a

Jose Miguel Elizalde Goñi 'Kote' Hiru garraiolari autonomoen sindikatuko kidea da.

Jose Miguel ELIZALDE GOÑI 'Kote' elbetearra, Hiru sindikatuko kidea.

Garraiolaria da Jose Miguel Elizalde Goñi Kote elbetearra, «orain dela hamar urte autonomo hasia eta lehenbizitik Hiru sindikatuko kidea». Beretako garrantzitsua da «Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata hemen, Euskal Herrian, erabakitzea», horrek «egoera hobetuko» lukeelako. Aldarrikapen hori egiterakoan, ondoko belaunaldiak izan ditu gogoan elbetearrak: «Gu gaizki gaude, baina gure gibeletik heldu direnek oraino panorama makurragoa dute».

Sektorearen etorkizuna beltz

Garraioaren sektorearen etorkizuna «arrunt gaizki» ikusten du: «Ni autonomoa naiz, baina baditut bertze enpresendako txofer aritzen diren lagunak eta baldintza arrunt txarretan ari dira. Hainbertze ordu, ordu estrak behar bezala pagatu gabe...». Aitortu duenez, «seguru nago gure sektorean ere badirela 1.500 euro baino gutiago kobratzen dutenak». Eta hori «ez da onartzen ahal» bere irudiko: «Garraiolarien sektorean eta bertze aunitzetan, jende gazterik ez dela heldu erraten dute. Baina nor hasiko da lanean halako soldatarekin eta baldintzekin?». Honela gehitu du: «Patronalak langileak esklaboak izatea nahi du, eta jendea nazkatua dago». Horregatik, «mahaiaren bueltan jartzeko eta solas egiteko» eskatu dio patronalari, eta «lehenbizi, soldata negoziatu dezatela». Gobernuei, berriz, begiak irekitzeko mezua igorri die: «Edo ez dute ikusten edo ez dute ikusi nahi, baina problema handia dute jende gaztearen etorkizunari begira hasten bagara».

«Gobernuek edo ez dute ikusten edo ez dute ikusi nahi, baina problema handia dute jende gaztearen etorkizunari begira hasten bagara»

Egoera ikusita, garbi du: «Martxoaren 17ko grebarekin bat eginen dut». Eta herritarrei ere «parte hartzeko» deia egin die: «Dena gelditu dezagun. Denon artean egin behar dugu indarra eta ea denon artean zerbait lortzen dugun».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun