«Lanbide Arteko Oinarrizko Soldata propioa edukitzea beharrezkoa da Euskal Herrian, langile guztiei aplikatuko zaiena, baita nekazariei ere, izan autonomo edo izan soldatapeko. Egoera kaskarrenean dauden langileen egoera hobetzen lagundu dezake». Etxalde baserritarren mugimenduko kidea den Gotzone Sestorain Leitzako nekazariaren hitzak dira, eta esplikatu duenez, Etxaldek horregatik bat egin du grebarekin.
«Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata nekazaritzan ere aplikatzea beharrezkoa da, horrek gure sektorea gainerako jarduerekin parekatuko lukeelako»
Hiru multzotan bildu ditu aldarri horren arrazoiak. Batetik, «aberastasuna banatzeko modua» dela iruditzen zaio: «Kontuan izanda hemen bizitza estatuko beste lurralde batzuetan baino garestiagoa dela, oinarrizko soldata propioa edukitzeak Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokitzea esan nahi du». Bigarrenik, «nekazaritzan ere aplikatzea beharrezkoa» delakoan dago, «horrek gure sektorea gainerako jarduerekin parekatuko lukeelako». Honela kontatu du: «Nekazaritzan, autonomoak direnek duela hiru urtetik urteko errentaren arabera kotizatzen dute. Beraz, zenbat eta kotizazio hobea izan, etorkizunean orduan eta jubilazio hobea. Lehen, nekazariak minimo bat baino ez zuen kotizatzen, eta ondorioz, gaur egun, oso jubilazio baxuak dituzte: 700-800 euro». Bere ustez, «Euskal Herrian oinarrizko soldata propioa edukitzeak egoera hori zuzentzen lagundu dezake». Azkenik, nekazaritzaren biziraupenari begira jarri da: «Sektore honek bizirautea, erreleboa bermatzea eta gazteentzat lanbidea erakargarria izatea nahi badugu, ezinbestekoa da honetan ere gutxieneko soldata propioa aplikatzea. Prekarietateak ez du erakartzen».
Administrazioarentzat izan dira leitzarraren hurrengo hitzak: «Nahiz eta nekazarien jornala osatzeko NPB bezalako dirulaguntzak ditugun, tokiko administrazioek nekazaritza ogibide duten langile guztiei errentan minimo hori bermatzen laguntzeko mekanismoak jartzeaz arduratu beharko lukete».