Martxoaren 17ko greba orokorra

«Greba orokorrarekin langileen indarra non dagoen erakutsiko dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko martxoaren 15a

Josune Guerra Baraibar leitzarra, ELA sindikatuko kidea da.

Josune GUERRA BARAIBAR leitzarra, ELA sindikatuko kidea

«Orain arte saiatu gara, bai akordio zabal bat egiten UGT eta CCOO sindikatuekin eta patronalarekin, bai Nafarroako Parlamentuan lege bat bultzatzen, baina bide guztiak itxi dizkigute. Horren aurrean, greba orokorrera deitu beste alternatibarik ez digute utzi». Halaxe, argi, mintzatu da Josune Guerra Baraibar ELA sindikatuko kidea.

Gutxieneko soldata duina lortzeko orain arteko bidez, ze balorazio eginen zenuke?

Gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena errealitate bati erantzunez sortu da. Nafarroan, eta Hego Euskal Herri osoan, azken urteetan ekonomia hazi eta aberastasuna sortu den arren, pobreziak eta desberdintasun sozialak gora egin dute. Orain, enplegua izateak ez du bermatzen pobreziatik ateratzea. Egoera horren aurrean, sindikatuok 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzen dugu.

«Gaur egun, enplegua izateak ez du bermatzen pobreziatik ateratzea»

Bide horretan, orain arte bi ekimen nagusi egin ditugu. Alde batetik, gainontzeko sindikatu nagusiekin (UGT eta CCOO) eta patronalarekin (CEN) akordio bat egin nahi izan dugu, baina ez dute nahi izan. Patronalaren aldetik espero genuen horrelako zerbait, baina UGT eta CCOO sindikatuena ulertezina eta onartezina da. Ez dute nahi Nafarroan soldata minimoa hobetzea. Gainera, EAEn aldarrikapen hori babesten dute, hau da, Nafarroarako ez dute nahi EAEn ona iruditzen zaiena. Eta beste aldetik, herri ekimen legegile bat bultzatu dugu Nafarroan eta beste bat EAEn. Biak bota dizkigute atzera. Horretarako, Nafarroan 18.000 sinadura baino gehiago bildu ditugu, beharrezkoak direnak halako hiru.

Hala eta guztiz ere, orain arteko ibilbidea ona izan da, gutxieneko soldataren aldarrikapenari zentralitatea eman zaiolako. Ez balitz ibilbide horrengatik, ez ginateke ariko gutxieneko soldata propioaz hitz egiten.

Zergatik bat egin du ELAk greba deialdiarekin?

ELA greba orokorraren deitzaileetako bat da. Bide guztiak itxi dizkigute eta horren aurrean, greba orokorrera deitzea beste alternatibarik ez digute utzi.

Gure aldarrikapenek Nafarroarako gutxieneko soldata propioa lortzea dute ardatz, pobreziaren gorakadari benetako muga jartzeko, baina, aldi berean, langileriak bizi duen egoera orokorrari erantzun nahi diote: bizitzaren kostuaren etengabeko igoerari, etxebizitza eskuratzeko zailtasunari eta gero eta hedatuago dagoen prekarietateari. Gutxieneko soldata propioa sortzen den aberastasuna gehiago banatzeko eta pobreziari aurre egiteko tresna bat da. Gutxieneko soldata igotzearekin, pobreziatik gertuen dauden langileen lan baldintzak hobetuko lirateke: aurten 1.221 euroko gutxieneko soldata izanen da estatuan, gure eskualdean, adibidez, alokairuan dauden etxebizitza apurrak 700-800 euro ingurutik gora daude. Ezinezkoa da hemen bizitzea estatuko gutxieneko soldatarekin. Gainera, gutxieneko soldata propioak ez die soldata txikiena dutenei bakarrik ekarriko onura, gainontzeko soldatak gora bultzatzen dituelako, baita pentsioak igoarazi ere. Minimoa igotzen denean, gainontzekoak ere gora egiten dute. Eta azkenik, gutxieneko soldata propioa aldarrikatzea autogobernu ariketa bat da. Gure lan baldintzak hemen erabaki nahi ditugulako, ez Madrilen.

«Greba orokorrak bizi dugun egoeraren arduradunak interpelatzeko eta seinalatzeko balio du, eta patronala da horietako bat»

Ze eskatuko zenioke patronalari?

Enpresak inoiz baino diru gehiago irabazten ari dira, baina desberdintasun soziala handitzen ari da. Patronalak Nafarroako langileak esplotatuz diru gehiago irabazten jarraitu nahi du, soldata ahalik eta baxuenak ordainduz. Guk langile klasearen alde egiten dugu, gure lan baldintzak eta bizi baldintzak hobetzeko. Akordio bat egitea proposatu genien, eta ez dute onartu. Hortik etorri da greba orokorrerako deia. Greba orokorrak bizi dugun egoeraren arduradunak interpelatzeko eta seinalatzeko balio du, eta patronala da horietako bat.

Eta gobernuei?

Martxoaren 12an, Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk eta Geroa Baik aurkeztuta, Nafarroako gutxieneko soldataren gaineko eskumena izateko legea bozkatu zuten, eta PSN eta Contigo-Zurekin, PP eta VOXekin batera lerrokatu ziren lege horren kontra bozkatuz. Txibite PSNko Idazkari Nagusia ere bada.

«Aberatsak gero eta aberatsago dira, eta gero eta jende gehiago dago hilabete amaierara ezin iritsi»

Nafarroako Gobernua patronalaren alde lerrokatuta dago, eta hori bi adibidetan ikus daiteke: enpresei, batez ere handienei, zergak jaitsi dizkiete berriz, nahiz eta Nafarroa den estatu osoan enpresentzako zerga maila txikiena duena. Eta Nafarroa estatu osoan laneko heriotza gehien dagoen tokia izan arren, ez dute horren aurkako neurririk hartzen. Gobernuari pobreziaren eta desberdintasun sozialen aurkako neurriak hartzeko eskatzen diogu. Aberatsak gero eta aberatsago dira, eta gero eta jende gehiago dago hilabete amaierara ezin iritsi.

Grebari begira, zer erranen zenieke herritarrei?

Gure helburua ez da berez etorriko, eta horregatik argi daukat Nafarroako langileria mobilizatu behar dugula. Aldaketa ez dugu instituzioen borondate hutsaren esku utziko; kalean erakutsi behar dugu indarra dugula. Horren erakusgarri nagusia martxoaren 17ko greba orokorra izanen da, tresna eraginkor eta legitimoa delako presio politiko eta soziala egiteko.

«Greba orokorraren benetako indarra ez dago banakako jarreretan, kolektibotasunean baizik»

Greba orokorra eskubide bat da, baina, batez ere, erabaki kolektibo bat. Bere benetako indarra ez dago banakako jarreretan, kolektibotasunean baizik, elkarrekin jardutean eta indarrak metatzean. Grebak «normaltasuna» hausten du, eguneroko funtzionamendu ekonomiko eta instituzionala eten, presioa sortu eta gure mezua agenda politikoaren erdian kokatzen duelako. Gainera, interpelazio eta konfrontazio tresna eraginkorrena da, patronalak eta gobernuak ez direlako bere kabuz mugitzen, presio erreala sentitzen dutenean eta gatazka politiko eta sozial bat dutela barneratzen dutenean baizik. Eta, horrez gain, greba orokorrak langile klasearen identitate kolektiboa indartzen du, ahalduntzen gaitu, gure egoeraren arduradunak seinalatzen laguntzen du eta, gaur egungo testuinguruan, faxismoaren eta autoritarismoaren aurrean euste-horma ere bihurtzen da.

Zerbait gaineratu nahi duzu?

Etorkizunean, Nafarroak gutxieneko soldata propioa izatea lortuko dugu. Orain arte egin duguna eta martxoaren 17ko greba orokorra lorpen hori izateko pauso erabakigarriak dira.

Horrez gain, ELArentzat greba orokorra ez da mobilizazio jendetsu bat antolatzea edo kaleak jendez betetzea bakarrik. Harago doa, eta helburu argia du: produkzioa eta jarduera ekonomikoa benetan geldiaraztea, sistema ekonomikoari eragin zuzena eginez. Azken finean, kaleak betetzeko lantokiak hustea nahi dugu, gure indarra non dagoen eta langileria gelditzen denean zer gertatzen den erakutsiz. Horregatik, martxoaren 17an greba orokorrean parte hartzeko deia egin nahiko nuke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun