«Martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat eginen dut, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde eginez. Ez da ahaztu behar hau greba feminista ere badela. Kontuan hartu behar da, gutxieneko soldata jasotzen duten langileen hirutik bi emakumezkoak direla. Aldi berean, herritarrak greba orokorrera animatuko nituzke, 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko, arrakala matxista eta arrazista gutxitzeko, eta orokorrean, bide honetatik soldata guztiek gorantz eginen dutelako. Soldatak hobetuz, aberastasuna banatu!».
«Langileok aberastasunaren banaketaren alde borrokatu behar dugu. Patronalak geroz eta irabazi handiagoak ditu, etxebizitzak gora egin du baina langileon soldata ez da goratu. Arrazoi horien eta bertze hainbaten aurrean, langileon posizioa indartu behar dugulako grebarekin bat eginen dut. Guttieneko soldata hemen erabakitzea eta LGS 1.500 eurokoa izatea aldarrikatu behar dugu, bizitza duina izateko. Herritarrak greba egitera animatu nahi ditut, langileak antolatzen garenean, gure bizi baldintzak hobetzeko aukera izanen dugulako, gureak eta ondotik heldu direnenak».
«Gure belaunaldiaren lan munduratze prekarioa zapalkuntzaz betea egonen dela behin eta berriz aditzen dugu. Hego Euskal Herrian Lanbide Arteko Guttieneko Soldata duina eta propioa ezartzea ezinbertzekoa da, Madrildik inposatutako legeek euskal langileria prekarizatzen baitute. Honen aurrean, martxoaren 17ko greba deialdiarekin bat egiten dugu gizartearentzat aurrerapauso bat izanen baita erabaki politikoetan burujabetza aldarrikatzeko. Beraz, ikasleok ere lehenbiziko lerroa hartuko dugu oraina borrokatuz geure etorkizun duina bermatzeko».
«Greba deialdi honek Euskal Herrian ez dagoela justizia sozialik adierazten du, administrazioak ez dituela herritar guziak berdin artatzen. Bankuek urtetik urtera irabazi gehiago dituzte eta enpresa handiak ere irabazien gose dira. Kontrara, milaka langilek jornal miserableak dituzte. Nafarroan ere bada soldata duinagoa izateko premia. Gobernuek eta patronalek, sindikatu espainolen laguntzarekin, horri bizkar ematen badiote, zein bertze aukera gelditzen zaie langileei? Greba hau justizia sozialaren aldeko ekimena da. Soldata duinen alde, karrikara!».
«Grebarekin bat eginen dut. Soldatak urte andanaz izoztuak gelditu dira, eta bizitzeko behar diren funtsezko gauzak izugarri goratu dira. Pausoak eman behar dira soldata prekarioak ez izateko. Borroka egiten ez duenak ondokoa zapatzen du, eta bertzeak pobre egotea onartu. Soldata ona edukitzeak eta ez borrokatzeak zapaltzaile bihurtzen zaitu. Soldata baxua izatea eta ez borrokatzea, berriz, zeure burua zapatua onartzea da. Gaur egun, garrantzia handia ematen zaio norbere buruarekin ongi egotearen zentzuari, baina hori ez dadila izan zurekoia bihurtzea. Ondokoei laguntzea beharrezkoa da».
«Europako Karta Sozialaren arabera, Hego Euskal Herrian guttieneko soldata gordinak 1.600 eurokoa behar luke. Bertzetik, 2008ko krisialditik garai korapilatsuak izan dira, aberastasuna bidegabe banatu da eta langileok gerrikoak estutu behar izan ditugu. Eta gaur egun, gerra hotsak aditzen ari gara; eskuin muturra oldartua da; gobernuen jarrera ezkorra da; patronalak ahal duen guzia egiten du langileak ezerezean uzteko baina irabaziekin errekorrak lortzen ari da… Horrek prekarizatu egiten gaitu. Horren kontra gure interesak defenditu behar ditugu eta lehenbiziko pausoa 17ko greba da».
«Grebarekin bat eginen dut, LGS propioa bertan erabakitzearen alde; Nafarroaren, eta oro har, euskal herritarren beharrak aseko dituena. Gizarteko sektore zaurgarrienak, hala nola, gazteak, gara guttieneko egokitu hori ez izatearen ondorioen pairatzaileak. Gainera, LGS propioa izateak herritar ororen ongizatea lortzeko aitzinera pausoak ematea ahalbidetuko du. Martxoaren 17ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi diot herritar orori, baina bereziki gazteei. Bizitzaren etengabeko garestitzearen kontra, langileendako bizi eta lan baldintza duinak eskuratzeko antolatu behar dugu».
«Zahar egoitzetan, oro har, langile kopurua estua izan ohi da, eta gutieneko zerbitzuak ia % 100koak dira. Horrek greba egitea zailtzen du, baina ahal dudan moduan parte hartuko dut. Bertzalde, zahar egoitzetan, adibidez, Nafarroako hitzarmenik ez izanda, egoitza aunitzetako soldatak gutieneko soldatak zehazten ditu, eta hala, langile aunitz 1.500 euro azpitik kobratzen ari dira. Lan baldintza kaxkarrei bizitzaren garestitzea gehitzen badiogu, beharrezkoa da gutieneko 1.500 euroko soldata ezartzea. Langileondako soldata duina aldarrikatzeko, jendea karrikara ateratzera animatu nahiko nuke».







