«Patronalaren erasoaldiari muga paratzeko eta guttieneko soldata hemen negoziatzeko», greba «beharrezkoa» ikusten du Haritz Bereau Mutuberria Baztan-Bidasoaldeko LABeko arduradunak; baita «Txibite eta Pradalesen gobernuetako alderdiek herri ekimen legegileari emandako ezezko antidemokratikoari eta jarrera inposatzaileari erantzuteko» ere.
Azken boladan, guttieneko soldata duina lortzeko eginahalak egin dituzue sindikatuek. Orain artekoaz ze balorazio eginen zenukete?
Urteak pasatu dira LAB sindikatuan guttieneko soldata propioa hemen adosteko proposamen berriak mahai gainean paratu genituenetik. Herri ekimen legegilea abiatu genuen Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, nahiz eta tramiterako ere ez duten onartu; elkarretaratzeak egin dira, giza kateak, sinadura bilketak, alderdiekin birak…
Patronalak hasieratik uko egin dio gure proposamenari eta Nafarroan, UGT eta CCOO sindikatuak guttieneko soldata hemen erabakitzearen kontra lerratu dira CEN patronalarekin batera. Eusko Legebiltzarrean EAJ eta PSEk guttieneko soldata ezartzeko herri ekimen legegilea ere baztertu dute, pentsioa osatzeko herri ekimen legegilea baztertu zuten bezala, eztabaida blokeatu dute.
«Sinesten dugu hemen 1.500 euroko guttieneko soldata ezartzea posible dela»
Oraingoz ez da guttieneko soldata propioa ezartzea lortu, beraz, ez ditugu nahi genituen emaitzak lortu. Hala ere, gaia erdigunera ekarri dugula erran dezakegu. Sinesten dugu hemen 1.500 euroko guttieneko soldata ezartzea posible dela. Langileria antolatu, kontzientziatu eta karrikak zein lantokiak hartzeko ofentsiban kokatzeko balio izan digu honek guztiak.
Zergatik bat egin du zuen sindikatuak greba deialdiarekin?
LABek beharrezkoa ikusten du patronalaren erasoaldiari muga paratu eta guttieneko soldata hemen negoziatzeko ofentsiban jartzea. Txibite eta Pradalesen gobernuetako alderdien herri ekimen legegileen ezezko antidemokratikoari eta jarrera inposatzaileari erantzutea ere ezinbertzekoa ikusten dugu.
«Hamarkada batean (2013-2023), industriako enpresen irabaziak %53,4 goratu dira, KPIa %24,4 eta langileon soldatak, aldiz, % 16,9 baino ez»
Honetaz gain, ikusi dugu nola langileok eros ahalmena galtzen joan garen. Hamarkada batean (2013-2023), industriako enpresen irabaziak %53,4 goratu dira, KPIa %24,4 eta langileon soldatak, aldiz, % 16,9 baino ez.
Greba honetako aldarrikapen nagusia Euskal Herrian 1.500 euroko guttieneko soldata ezartzea da, aberastasunaren banaketa justua aldarrikatuz. Izan ere, langileok bizitzaren garestitzea sufritzen dugun bitartean, sortzen den aberastasuna esku gutti batzuetan gelditzen da. Kontuan izan behar dugu, etxebizitzaren prezioen goratzea (hamarkada batean etxebizitza prezioa % 25 goratu da), soldaten debaluazioa (soldatek pisua galdu dute), eguneroko gastuen gorakada nabarmena…
Sozialki guttieneko 1.500 euroko soldata aldarrikatzeaz gain, erabaki horiek hemen hartu nahi ditugula ere aldarrikatu nahi dugu, Euskal Herriko errealitatearekin bat eginen duen guttieneko soldata aldarrikatuz; ez espainiar estatutik inposatzen digutena. Horregatik, burujabetzaren aldarria ere erdigunera ekarri nahi dugu.
300.00 langile baino gehiago 1.500 eurotik beheiti kobratzen ari dira, horietako gehienak emakumeak*, pertsona migratuak eta gazteak. Beraz, 1.500 euroko guttieneko soldata propioa ezartzeak egoera zaurgarrian dauden langile prekarioenen bizi baldintzak ere hobetuko lituzke, arrakala matxista, arrazista zein adinaren araberakoak murriztuz. Guk ez dugu inor langile pobrerik izaterik nahi, guttieneko soldata goratzeak, soldata guztietan eragiten du gorantz.
Ze eskatuko zenioke patronalari?
Patronalari sindikatuekin jarri eta akordioetarako alegatzeko konpromisoak hartzea eskatuko nioke, aberastasunaren banaketa justuago baterantz pausoak emateko. Hala ere, kontziente izan behar dugu patronala bera dela aberastasunaren banaketa justua ez egitearen arduradun eta interesatua.
Eta gobernuei?
Gobernuei jarrera antidemokratikoak alde batera utzi, patronalari planto egin eta langileriaren mesedetan aritzeko eskatuko nioke, aberastasunaren banaketa justuago egiteko bidean aktiboki jokatzeko. PSE-PSN (beraien burua ezkertiartzat dute) eta EAJ (abertzaletzat) alderdiei mezu argia; hartu dezatela beraien ardura, eta defendatu ditzatela burujabetza (EAJ) eta hobekuntza sozialak (PSE-PSN). Utz diezaiotela kapitalaren morroi izateari.
«Orain arteko eskubideak aitzinetik borroka egin duten belaunaldiei esker lortu eta mantendu ditugu, eta orain, guri dagokigu egungo eskubideak mantendu eta hobetzea»
Grebari begira, ze mezu emanen zenieke herritarrei?
Herritar orori eskualdeko mobilizazioetan eta oro har greban parte hartzeko deia luzatu nahiko nioke. Orain arteko eskubideak aitzinetik borroka egin duten belaunaldiei esker lortu eta mantendu ditugu, eta orain, guri dagokigu egungo eskubideak mantendu eta hobetzea.
Honetaz gain, 1.500 euroko guttieneko soldata propioa ezartzea aukera erreala dela nabarmendu nahiko nuke. Beraz, patronalei zein gobernuei neurriak hartzeko presioa egitera ateratzeak garrantzi handia du.
Zerbait gaineratuko zenuke?
Hemen lan egin eta erabakitzeko burujabetza behar dugula, eta horretarako Euskal estatu propio bat beharrezkoa dugula. Herritar ororen bizitza duina bermatuko duen herri bat eraiki behar dugu. 1.500 euroko guttieneko soldata propioa ezartzea bide horretan ale bat izan daiteke.