Jon Mari B., Iban Z. eta Aitor Z.

Ibilbide luzearen ondotik deskantsurako momentua

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 12a, 08:00

Ezkerretik hasita, Jon Mari Beasain, Iban Zugarramurdi eta Aitor Zabaleta. Hemezortzi urte egin dituzte elkarrekin Esne Beltza taldean.

Hemezortzi urtez Esne Beltza musika taldeko kide izan diren Aitor Zabaleta Alduntzinekin, Iban Zugarramurdi Altzurirekin eta Jon Mari Beasain Irazustarekin bildu da TTIPI-TTAPA. Eskarmentu handiko musikariak dira eta musika munduan egin duten ibilbideari errepasoa eman diote.

Jon Mari Beasain Irazusta (Ereñotzu-Arano), Aitor Zabaleta Alduntzin (Leitza) eta Iban Zugarramurdi Altzuri (Arantza). Hiru izen eta hiru aurpegi ezagun. Musikak egin ditu ezagun, baita lagun ere. Azken hemezortzi urteotan Esne Beltza musika taldeak eman die horretarako bidea eta eszenatoki eta plaza azkarki partekatu dituzte elkarrekin, Euskal Herrian eta kanpoan, baita zortzi disko argitaratu ere. Baina bide horri adio erratea erabaki dute, «Esne Beltzaren behiak ez duelako esne gehiagorik». Eta, gainera, betiko erran diote adio «alaia bezain ederra» izan den zikloari.

Hasiera-hasieratik taldeko kide izan dira Beasain pandero eta gitarra jotzailea, Zabaleta baxu jotzailea eta Zugarramurdi bateria jotzailea. Esne Beltzaren bederatzi laguneko familiako hiru kide dira, hirurak eskarmentu handiko musikariak, ttikitatik musikaren bueltan ibiliak. Zer kontatua badutela ikusita, haiengana jo du TTIPI-TTAPAk eta egin duten ibilbideaz eta bizi eta sentitu izan dutenaz mintzatu dira. Esne Beltzarekin urte luzez izan duten martxa alde batera utzita, bakoitza bere zereginetan dabil orain.

«Hasiera kuriosoa» 

Zabaletak eta Beasainek Etzakit taldean egin zuten topo lehenbiziko aldiz. Esne Beltzak berriz elkartu zituen eta haiekin batera Zugarramurdi bildu zen taldera. Duela hemezortzi urte izan zen hori, eta urteak pasatuagatik, hasiera hura gogoan dute. Zabaletak, adibidez, «hasiera kuriosoa» izan zuen. «Alaba jaio berria nuen, urte bat ez zuen, eta Xabik [Solano] baxu jotzaile hasteko esanez deitu zidanean, ez zela momentu egokia erantzun nion; umea ttikia zela eta ezetz». Ez zuen etsi: «Handik hilabete batera berriz deitu zidan, eta berriz ezetz esan nion». Solanok hirugarrenean hartu zuen nahi zuen erantzuna: «Hirugarren aldiz deitu zidan, eta azkenean, baietz esan nion, Xabi zelako». Baiezko hura «probatzeko» eman omen zuen, baina hori baino gehiago izan zen: «Konturatu orduko berriz furgonetan ginen, hara eta hona. Kontzertu bat eta beste bat, diskoak… Gutxi gorabehera Etzakitekin pasatu zena errepikatu zen. Urtean ez dakit zenbat kontzertu ematera pasatu ginen». 

«Oso urte politak eta emankorrak izan dira»

Aitor ZABALETA, musikaria

Gibelera begira, «espero ez nuen ibilbidea» egin duela iruditzen zaio. «Momentu hartan, ez nuen inondik inora espero noraino ailegatuko zen Esne Beltza». Baina bete-betean asmatu zuten. Hori bai, «lan asko» eginda: «Esne Beltza ez delako gure ogibidea izan. Gutako bakoitzak beste lan bat izan dugu. Ni Mendialdea Mankomunitatean aritzen naiz, eta lan horretatik aparte izan dut Esne Beltza. Eta horri familia edo bakoitzaren ardurak gehitu behar zaizkio». Hortaz onartu du: «Ez da erraza izan». Baina gustuko tokian maldarik ez: «Berriz ere aukera sortuko balitz, errepikatu nuke. Oso urte politak eta emankorrak izan dira. Jende eta leku asko ezagutzeko aukera izan dut, kontzertu ttikietan zein handietan ibili gara, eta horietako asko oso bereziak eta zoragarriak izan dira».

Lagunarteko proiektua

Leitzarra bezala, Beasain ere «Etzakiten garaiaz» oroitu da Esne Beltza taldearen hasieraz galdetuta. Mal de Ojo taldea utzita, «Laketekin zeozer» egiten ari zen garaian hartu zuen Esne Beltzan hasteko proposamena, «nahiko geldirik» zebilenean. «Xabirekin beti harremana izan dut» eta Esne Beltzarekin hasteko aukeraz galdetu zionean, ez zuen ezezkorik eman. «Lagunarteko proiektu bat bezala» hasi zirela adieraziz esplikatu du, baina arrakastakoa berehalakoa izan zen: «Segidan hasi ginen martxa hartzen, Etzakitekin bezala. Baina Esne Beltzarekin urrunago joateko aukera izan dugu. Kontzertuetan beti jende asko izan dugu eta oso urte onak izan dira. Kalitatea, ekipo onak, atentzioa… beste maila bat». 

Arantza Rock eguneko gonbita

Aranztarrak ere ez du atzendua noiz eta non hartu zuen talderako gonbita. Etxean izan zen: «2007ko Arantza Rock jaialdiaren ondotik, Aterpeko ostatuan, Solanok proiektuan parte hartu nahi nuen galdetu zidan. Segidan baietz erran nion. Ez nuen imajinatuko gerora hemezortzi urte pasatuko zirenik. Zein ginen eta zer momentutan ginen ikusita, banekien bazela zerbait polita ateratzeko gaia, baina egin dugun bidea pentsaezina zen».

Esne Beltzaren hasiera deskribatzeko «indartsua» hitza erabili du: «Ilusio eta indar handiarekin hartu genuen, eta hori nabaritu zen». Kontent da egindako bidearekin eta «taldean aunitz ikasi» duela aitortzeaz gain, taldeari «aunitz zor» diola gaineratu du: «Elkarbizitza handia eta polita izan da. Ez da erraza hemezortzi urtez hasierako zazpi kide mantentzea. Hori bada zerbaiten seinale». 

«Egin dugun bidea pentsaezina zen duela hemezortzi urte»

Iban ZUGARRAMURDI, musikaria

Hasierako taldekideak

Halaxe izan da. Hemezortzi urte hauetan taldekideen artean aldaketa gutti izan dituzte: «Abeslaria eta tronpetista bakarrik aldatu dira», nabarmendu dute hiru taldekideek. «Musikari bat aldatzen denean beti zerbait aldatzen da», adierazi du Zabaletak, baina bere ustez, «oinarrian ez da asko aldatu. Musikalki Esne Beltza beti izan da oso musika ezberdina jorratu izan duen taldea, eta trikitixa oinarri hartuta, konplexurik, lotsarik eta beldurrik gabe egin du. Hori, adibidez, ez da aldatu hasierako diskotik zortzigarrenera. Eta hizkuntzari dagokionez, berdin. Euskara oinarri hartuta, beste hizkuntza asko ukitu ditugu, eta hori ere lehenbiziko diskotik azkenekora berdin mantendu da». Zugarramurdik ere berretsi du: «Ez dugu sekula mugarik paratu».

Esne Beltza taldeak jende aunitz bildu izan du bere kontzertuetan. Horren adibide da argazki hau. Gaizka Peñafiel.

Edozein moduz, dena ez da berdin mantendu. Bertzeak bertze, hemezortzi urteotan aldatu dena «hasierako energia» izan da Beasainen irudiko: «Gazteagoa zarenean ilusio edo energia gehiago daukazu, eta orain, nire kasuan behintzat, nabaritzen da urteak pasatu direla. Zaharragoa zarenean, gauzak beste modura ikusten dituzu». Ordu «asko» direla ere kontatu du: «Ematen du kontzertua ordu eta erdiko gauza bat dela eta kito. Baina 00:00-00:30 aldera jotzen hasteko, gu 15:30erako gelditzen ginen, eta etxera igual 04:00etan edo beranduago bueltatzen ginen». Urteen ondorioa bertze anekdota batekin esplikatu du: «Kontzertuetan, trikitixa eta panderoa hartuta, Xabi eta biok jende artera joateko ohitura izan dugu, eszenatokitik jaitsi eta igo, ballak igo eta jaitsi ibili gara. Hasieran, ondo egiten nuen, baina urteak pasatuta, kostatzen zitzaidala nabaritzen hasia nintzen. Gu zaharragoen kutsua hartuta, eta publikoan beti jende gaztea». 

Zugarramurdik honela esplikatu du: «20 urterekin mundua jan nahi duzu eta 50 urterekin igual mundu horri ausiki bat egin nahi diozu, baina gehiago kostatzen zaizu. Ausikirik handienak eginak ditugu». Ez da hori bakarrik: «Hasieran, taldeko guziak norabide berean ginen, baina arlo pertsonalean hartzen ditugun erabakiek aunitz aldatzen dute bidea. Guraso izatea, gurasoak zaindu behar izatea, ezin bidaiatu… Horrek zaildu egiten du dinamika, eta uste dut gehiegi konplikatu gabe noiz bukatu asmatu dugula».

«Inportantzia handia ematen zaie epe luzera antolatutako makrokontzertuei»

Aitor ZABALETA, musikaria

Oholtza ere aldatu dela gaineratu dute, eta Zabaletaren ustez, «batez ere, pandemiaren ondotik» aldatu da. Gaia hizpide hartuta, «autokritika» egin du: «Inportantzia handia ematen zaie epe luzera antolatutako makrokontzertuei. Gaur egun, modan dago hemendik urte batera kontzertua iragartzea, gainera garesti, eta hala ere, sarrera guziak saltzen dira. Badago kontzertu horietan izan garela esateko eromen moduko bat eta ez zait asko gustatzen. Lan handia egiten duten talde asko dago, ikusgarritasunik gabe, oholtzarik gabe, eta hori aldarrikatu nahi nuke». Gehiago ere bai: «Baten batek esanen du 18 urtez Esne Beltzan ibilita, erraza dela hori esatea, baina nik ez nuke makrokontzertuen aldeko apustua eginen. Ni ere noizbait hasi berria izan naiz eta martxa hartzea ez da erraza. Denok aukerak behar ditugu». 

Beasainek ere «talde handien eta txikien arteko aldea» aipatu du: «Talde handiak kontzertuak emanez eta jende pila bat bilduz ondo dabiltza, baina txikiek hutsune handia dute. Orain ez dira horrenbeste kontsumitzen zuzenekoak eta talde txikien kontzertuetara ez da horrenbeste jende joaten. Hortaz, zailagoa dute aurrera ateratzea».

Aranztarrari ere «pandemiak lehena eta geroa markatu» duela iruditzen zaio, eta geroztik, berak ere, kontzertu handietarako joera sumatu du: «Orain dela hamabortz urte pentsaezina zen euskal talde batek BEC, Nafarroa Arena edo Miribilla betetzea, eta gaur egun, hiru aldiz betetzen dira. Pentsaezina zen urte bat eta erdi lehenagotik sarrerak saltzeko paratu eta sareak kolapsatzea. Kristoren aldaketa izan da». 

«Pandemiak lehena eta geroa markatu ditu musika munduan»

Iban ZUGARRAMURDI, musikaria

Bertzetik, «musika kontsumitzeko modua» ere aldatu delakoan dago: «Lehen, lasterka joaten ginen musika dendara disko bat erostera. Orain, etxetik mugitu gabe, dena telefonoan dugu eta horrek ikaragarrizko eragina izan du. Duela 30 urte, Euskal Herriko puntako talde batek 25.000 disko fisiko salduko zituen, eta orain laurdena ere ez». Gehiago ere bai: «Lehen, diskoetxe batera joan behar zenuen eta orain autoprodukzioak dira». Musika «edozein tokitara» zabaldu izanaz ere aritu da: «Lehen, euskal musika Thailandian edo Australian aditzea pentsaezina zen, norbaitek diskoa ez bazuen eramaten, eta gaur egun, edozein tokitan aditzen ahal da». Aldatu den bertze kontua, kontsumitzen den musika: «Gaur egun, rocka gutti aditzen da, musika elektronikoa dago modan». 

Momentu berezi aunitz

Esne Beltza taldeak ehunka eta ehunka kontzertu eman ditu urteotan, eta Zabaletak dioen bezala, «momentu berezi asko izan dira, bai atzerrian, bai Euskal Herrian, bai kontzertu handietan eta bai ttikietan». Urte horietan «anekdota pila bat» izan dituztela gehitu du Beasainek, eta Zugarramurdik eta Zabaletak bana kontatu dute. Aranztarrak japoniarren kontu bat ekarri du gogora, nahiz eta japoniarrekin «anekdota dezente» izan dituztela onartu: «Oroitzen naiz, behin, Fuji Rock jaialdian, japoniar kuadrilla bat ikurrinarekin eta euskal presoen banderolarekin agertu zitzaigula, gure kantak kantari. Hori uztailean izan zen. Ba urrian, Pasaia-Lezon egin zen Kilometroak bestan, kuadrilla hartako hamabortz bat lagun gure kontzertura etorri ziren Tokiotik. Harrituak gelditu ginen». 

Leitzarra, berriz, baxuarekin gertatutakoaz oroitu da: «Larrabetzun kontzertua bukatu, dena bildu eta etxera joan ginen. Hurrengo kontzertua Gasteizko festetan genuen, eta trasteak atera genituenean, baxua falta zela konturatu ginen. Larrabetzun utzia genuen eta Gasteizera ailegatu arte ez ginen enteratu. Bertako bati eskatuta salbatu genuen kontzertua». 

Prekarietatea?

Musikari lotuta, aunitzetan aipatzen da prekarietatea. Hori ere hizpide hartu dute Esne Beltzako hiru musikariek. Zabaletak, adibidez, «30 urteotan bost urte bakarrik» egin ditu musikatik bizitzen. «Etzakit taldearen denboran izan zen. Urtean hainbeste kontzertu izanda, zaila zen lanarekin uztartzea, eta lana utzi behar izan nuen». Musikak «alderdi asko» dituela gehitu du, baina «kontzertuetatik bakarrik bizitzea zaila da», argitu du. Uste berekoak dira Beasain eta Zugarramurdi. Beasainek «erromeria munduan kontzertuak eginagatik, bizitzeko beste zerbait gehiago behar dela» azpimarratu du. «Musikatik bizitzekotan, musika irakasle izaten ahal da, edo musika ekipoen enpresaren batean…». 

«Erromeria munduan kontzertuak eginagatik, bizitzeko beste zerbait gehiago behar da»

Jon Mari BEASAIN, musikaria

Zugarramurdik ere hala uste du: «Euskal musika taldeek apiriletik urrira izaten dute lana, zehatzago erranda, ekainetik abuztura. Gainerako hilabeteetan kontzertu kopuruak beheiti egiten du eta nonbaitetik bizi behar da. Hagitz boladako gauza da».

Azken bira eta azken kontzertua

Taldeak 2023ko azaroan iragarri zuen ibilbidea bukatuko zuela, eta orduan hasi zuen azken bira. Hiru musikariek azken bira «berezia» izan zela aipatu dute; «gozatu» zutela eta «segidan pasatu» zitzaiela. «Hasieran, disko berriaren aurkezpenarekin, normal jarraitu genuen, baina azkeneko kontzertuetan bai, nabari zen egiatan azkenak izango zirela», azaldu du Beasainek. Zugarramurdik sentitutako «maitasuna» eskertu du: «30 bat kontzertu egin izanen genituen. Denak jendetsuak izan ziren eta maitasun handia hartu genuen. Hagitz urte polita izan zen».   

Eta ailegatu zen iragarritako egun handia. Otsailaren 1ean Bilboko Miribillan egin zuen Esne Beltzak azken kontzertua, 8.000 lagunen aitzinean. Ez dute atzendua orduan bizitakoa, ezta aisa atzenduko ere. «Ederra» eta «sentimendu nahasketa handiko eguna» hitzak erabili dituzte deskribatzeko: «Entseguak, muntaketak… Fisikoki eta mentalki leher eginak geunden, eta bagenuen dena ongi aterako ote zen kezka», kontatu du Zugarramurdik. Azkenean «espero baino hobeto» atera zela adierazi du Zabaletak, eta Beasainek «egun hura digeritzea» kostatu zitzaiola onartu du: «Aste bat pasatu arren, oraindik barruak nahastuak nituen. Igual momentuan ez ginen kontziente izan, dena ongi ateratzea genuelako buruan, nekea eta presioa ere bai… Ondoren konturatu ginen zer izan zen hura. Eta oso polita izan zen».

«Kosta zitzaidan azken kontzertua digeritzea»

Jon Mari BEASAIN, musikaria

Zugarramurdik «oroitzapen ederra» gelditu zaiela gehitu du eta azken kontzertuaren biharamuna ere oroimenean du, tartean, «Gara egunkariko titularra leituta sentitu nuen gogobetetze pertsonala . Duela 18 urte erran behar niri, proiektu hau egin eta modu zoragarri honetan bukatuko genuela. Amestutako zerbait izan da eta biharamun horrek betiko zapore ona utzi dit». 

 

«Azken biran maitasun handia hartu genuen»

Iban ZUGARRAMURDI, musikaria

Eta orain zer?

Taldea agurtuta, eguneroko martxan sartuak dira orain hiru musikariak. Beasain, adibidez, Kantuz musika elkartean ari da lanean, eta Aranoko zinegotzi ere bada. «Lasaitasuna» behar zuela aitortu du eta «lanean, baratzean, bizikletarekin…» omen dabil, «mila saltsatan». Azaldu duenez, ez du «oraindik» taldearen hutsik sumatu, nahiz eta «uda partean» nabarituko duela onartu. Hala ere, badu ordezko plana: «Bateko eta besteko, udak beti okupatuak izan ditugu eta aurten, adibidez, uda lasai pasatuko dugu eta igual Done Jakue Bidea egingo dugu bizikletarekin». Gainerakoan, gaur-gaurkoz ez omen du musikari lotutako bertzelako proiekturik esku artean: «Orain lasai egon nahi dut, eta agian sortuko da zerbait. Beti ibili naiz musikaren munduan eta aterako da zerbait».  

«Etorkizunean musikaz gozatzen segitu nahi nuke»

Aitor ZABALETA, musikaria

Zabaletak ere «oraingoz» ez du taldeak utzitako hutsik sentitu: «Baina maiatzean hasten da denboraldia eta badakit orduan sumatuko dudala». Musikari lotutako bertze proiekturik ote duen galdetuta, ezezkoa adierazi du, baina ateak ez ditu itxiak: «Etorkizunean musikaz gozatzen segitu nahi nuke».

Bide beretik jo du Zugarramurdik: «Apirila edo maiatza ailegatzean ohartuko naiz hutsaz, agendan ez dudala deus markatua ikusten dudanean… Baina 34 urte pasatu ditut aktibo eta momentuan deskantsatu nahi dut, guttienez, denboralditxo batez, indarra hartzeko eta hemendik aitzinerakoa nola bideratu hausnartzeko». Etxeko negozioan, Arantzako Aterpean, egiten du lan, eta «oraingoz bertze proiekturik gabe» horretan segitzeko asmoa du, musikari ateak itxi gabe, ordea: «Musikarik gabe ezin naiz bizi. Orain arte musikarekin bizitu izan naiz eta modu batean edo bertzean hala segitu nahi dut». Bidenabar, etxekoei ere keinu egin die: «Batez ere gurasoei eskerrak eman nahi dizkiet, hasieratik eman didaten konfiantzagatik eta babesagatik». Baita Xabi, Bittor eta Joseba anaiei ere: «Ez dizkidate erraztasunak bertzerik eman, eta eskertzekoa da». 

«Ondo pasatzeari lehentasuna eman izana baloratzekoa da»

Jon Mari BEASAIN, musikaria

Hirurengan utzi du arrastoa Esne Beltzak eta bistan da beti bihotzean eramanen dutela. Zabaletak taldean egin duten «ibilbide ederra eta polita» goraipatu du. Zugarramurdirentzat taldea «eszenatokian eta eszenatokitik kanpo lagun talde eta familia bat bezala» izan da, eta Beasainek izan duten «lagunarteko giroa» azpimarratu du: «Profesional izatera ailegatu gabe, lagunarteko giroari eta gure artean ondo pasatzeari lehentasuna eman izana baloratzekoa da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun