Beasainen lehenbiziko musika tresna, ordea, ez zen ez panderoa eta ez gitarra izan, pianoa baizik. «Ereñotzun bertan, solfeoa eta pianoa ikasten hasi nintzen Imanol Kamiorekin», aitortu du. Baina bideak ez zion aunitz iraun: «Garai hartan futbola nuen buruan eta musika ikasketei ez nien kasu handirik egin. Alde batera utzi nituen».
Halaxe pasatu zituen urte batzuk, «13 bat urterekin» Xabi Solano ate joka etorri zitzaion arte: «Biak edade berdinekoak gara eta garai hartan, bizilagunak ginen, ni bigarren pisuan bizi nintzen eta bera hirugarrengoan. Panderoa jotzen ikasi nahi nuen galdetu zidan. Ni, orduan, Barricada eta Kortatu bezalako taldeen musika entzuten hasia nintzen, baina baiezkoa esan nion. Eta Kortatu eta Barricada entzutetik Laja eta Landakanda entzutera pasa nintzen».
Erromeriaz erromeria
Panderoa eskuetan, Xabi Solano trikitilariarekin bikotea osatuz, han eta hemen, deskantsurako tarte handirik gabe, trikitixa doinuak zabaltzen hasi ziren: «Ezkontzetan, erromerietan…». Aitortu du, «gustura» ibili zela. Trikitixa txapelketetan ere utzi zuten arrastoa, «16 urtera arte gazteen trikitixa txapelketetan ibili ginen». Baita txapelak jantzi ere. Eta etapa hura itxi orduko bertze bat: Etzakitekin.
Etzakiten urte mugituak
Publikoak beso zabalik hartu zuen Etzakit taldea eta Beasainentzat «oso aberasgarria» izan zen: «Urtean ehun bat kontzertu emango genituen, gazteak ginen, eta toki asko eta jende pila ezagutzeko aukera izan genuen. Mugimendu handiko urteak izan ziren». Baina «beti hankak lurrean». Etzakitek Euskal Herriko musikagintzan ezagun egiteko atea ireki zion, baina onartu duenez, «fama eta holako kontuak beti alde batera utzi izan ditut eta hankak lurrean ondo eutsita ibili naiz beti, lasai-lasai».
Etzakiten ibilbidea alde batera gelditu zen, baina ez bera: «Laket erromeria taldean» eta «runba musika eginez Mal de Ojo taldean» utzi zuen bere alea. «Laketek berriz gaueko erromerietan, festa inguruan, parte hartzeko aukera eman zidan. Ni baino gazteagoak ziren eta beste energia bat zuten». Mal de Ojo taldeak, berriz, «beste musika estilo bat eginez, leihoak pixka bat irekitzeko» balio izan omen zion, eta horrekin batera, ikasteko ere bai: «Ni baino zaharxeagoak ziren eta beraien esperientziarekin ikasi nuen». Patxuko Nice taldean ere kontent ibili zen. «Sergio Ordoñez eta biok oso ondo moldatzen ginen, eta gustatzen zitzaidan berak egiten zuen musika mota. Bion arteko gauza izan zen, pertsonalagoa».
Panderoa ez bada gitarra hartuta, denetan, «oso gustura». Baita azken hemezortzi urteotan bere taldea izan den Esne Beltzan ere.