«Oroitzen naiz, 6-7 urterekin, Irunen bizi ginelarik, Moskuko plazan kontzerturen bat baldin bazen, kuxkuxeatzera joaten nintzela. Eszenatokiari parez pare begiratu beharrean, gibeleko aldean egoten nintzen, bateria jotzaileei begira». Halaxe kontatu dio TTIPI-TTAPAri.
Eta bide horretan segitu zuen. «Arantzara bizitzera etorri ginelarik, nire lehenbiziko bateria inprobisatua egin nuen: baldeekin, latekin, amari kazolen tapak hartuta…». Semearen afizio horri atea irekiz, «attak eta amak danbor bat erosi zidaten eta niretzat ikaragarria izan zen». Eta agudo bertze koska bat goiti: «Bigarren eskuko bateria erosi zidaten eta hura altxor bat izan zen, betiko gordeko dudan haur denborako oroitzapen izugarria».
Lanean segitu zuen: «Gurasoek Arantzan, Xalbador Madariagarekin, solfeo klaseetara apuntatu ninduten eta horrez gain, 12-14 urterekin, Donostian bateria klaseak hartzen hasi nintzen. Igantziko bentetan Baztanesa autobusa hartu eta hantxe joaten nintzen Pako Diaz irakaslearengana, astean behin. Ume mukizu bat nintzen, baina hagitz garbi nuen bateria jo nahi nuela eta musikari izan nahi nuela». Honela gaineratu du: «Eskola ez zitzaidan gehiegi gustatzen, baina bateria ikaragarri. Eskolatik atera, lasterka etxera etorri, maleta bota eta zuzenean bateria jotzera joaten nintzen, egunero-egunero».
Aski gazterik izan zuen ikusitakoa eta ikasitakoa ofizio bihurtzeko aukera. Les Mecaniciens taldearekin hasi zen bateria jotzen, eta urte berean, «15-16 urterekin, Irungo Baldin Bada taldean. Taldearen jarraitzailea nintzen, eta hori plus bat izan zen niretzat». Hasiera «ikaragarria» izan zuela dio: «Gaztea nintzen, gogo handia, indarra, energia, dedikazioa…». Orduko «hagitz oroitzapen politak» ditu.
Bortz edo sei urtez ibili zen Baldin Bada taldean, eta segidan Su Ta Garrekoak etorri zitzaizkion ate joka: «Eurekin hasi nahi nuen galdetuz deitu zidaten, eta nola ez, baietz erran nien. Eibarrera joan behar izan nuen bizitzera, eta alde horretatik, sakrifizioa izan zen, baina aunitz zor diet eta hagitz eskertua nago. Niri ibilbidean pauso garrantzitsua izan zen».
Anje Duhalderekin ere urte pare bat egindakoa da, baina «Baldin Bada utzita, Anje Duhalde ere utzi nuen, Su Ta Garrekin segitzeko». Bortz urte pasatu zituen Eibarko rock taldearekin, eta ibilbide hura bukatuta, «Alaitz eta Maiderrekin bertze urte pare bat» egin zituen; eta ondotik, «Sagarroi eta Fjord taldeetan». Azken geltokia Esne Beltzarena izan da, 2007tik 2025era arte iraun diona. Baina tartean, 2013an, Fermin Muguruzarekin No more tour 2013 munduko biran parte hartu zuen.
Talde horietako bakoitza bihotzean gordea du, eta dioenez, «denek eman didate orain naizenaren zati bat. Musika estilo jakin batzuetan bakarrik finkatu beharrean, estilo guzietako musika egiteko aukera izan dut eta hagitz aberasgarria izan da. Aberastasun handia eman didate eta aunitz ikasi dut denekin».