Esplikatu duenez, «garai hartako ume asko bezala, solfeoan hasi nintzen, eta horrekin batera, akordeoia ikasten». Hiru urtez akordeoiaren botoiak astindu ondotik, «saxoa» aukeratu zuen, eta saxoa hartuta, Leitzako Artadi txarangarekin karrikak alaitzera pasatu zen. Orduko oroitzapen politak ditu: «Suertez, musika proiektu guzietan lagun talde bat izan gara, eta txaranga ere hala izan zen. Adin askotako jendea ginen, asko gu baino helduagoak, eta haiekin asko ikasi nuen. Ongi pasatzeko eta musikaz gozatzeko helburuarekin ateratzen ginen txarangan, ez diruagatik, eta leku eta jende asko ezagutzeko aukera eman zidan».
15-16 urterekin etorri zen hainbertze eman dion bere hirugarren musika tresna: Baxua. «Kuadrillako bati erosi nion eta huraxe izan zen baxuarekin nire lehenbiziko kontaktua». Musika ikasketarik gabe, bere kabuz hasi zen ikasten: «Arlo askotan autodidakta izan naiz, eta musikan ere bai. Etxean eta zuzeneko kontzertuetan ikasi dut».
Luze gabe plazara egin zuen salto, eta nola, gainera; 15-16 urterekin lehenbiziko aldiz baxua hartu eta 18 urterekin Etzakit taldearekin plazara. «Xabik [Solano] baxu jotzailea behar zutela esanez deitu zidan eta handik bi edo hiru hilabetetara aurreneko kontzertua eman genuen. Urtarrilaren 5a zen». Gogoan du «urte hartan 80 bat kontzertu» eman zituztela: «‘Hau zer da?’ esanez gelditu nintzen. Izugarria izan zen. Ni etxean baxua ikasten ari nintzen oraindik!». Zuzenekoek eman zioten gehiago ikasteko bidea: «Urte hartan asko ikasi nuen». Urte emankorrak izan ziren: «Aurrena maketa atera genuen kasete batean, eta gerora, lehenbiziko diskoa. Ondoko urteetan ehun kontzertutik gora egin genituen urtero. Eromena izan zen. Lehenbiziko urtea sorpresa izan bazen, hortik aurrerakoak ez ziren gutxiago izan». Honela gaineratu du: «Etzakiten musikak oso harrera ona izan zuen. Kontzertuetan jende asko biltzen zen eta oso-oso giro polita sortzen zen. Urte oso mugituak izan ziren, eta aldi berean, politak. Asko gozatu nuen».
Gozatu eta ikasi, hala nola, «elkarbizitzaz. Ordu asko pasatzen genituen elkarrekin. 16:00etan gelditzen ginen eta goizaldean, 06:00etan, bueltatu etxera. Kontzertu garaian, egunero horrela zen. Hori ere elkarbizitza da, eta harremanak izaten eta bakoitzaren izaerak ikusten, ikasten eta errespetatzen ikasi nuen».
Etzakiten ibilbidea bukatutakoan, Izotz erromeria taldea ailegatu zen Zabaletaren bizitzara, eta bere hitzetan, «beste haize fresko bat bezala» izan zen. «Etzakitekin konparatuz, oso bestelako musika egiten genuen eta urtean 30-35 bat kontzertu eginez, beste patxada bateko urteak izan ziren. Baina asko gozatu nuen». Baita jendea ezagutu ere: «Orduan ezagututako askorekin oraindik badut harremana eta hori hor gelditzen da». Ondoko urteetan Esne Beltzarekin ibili zen.