‘*Amaiur-en’ edo ‘Amaiurren’?

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 15a, 08:00

Marratxoak hartu zituen hizpide TTIPI-TTAPAk orain dela pare bat aldizkari, eta aldi honetan ere marratxoei erreparatu die: marratxoaren erabilera kasu marken aitzinetik. Euskaltzaindiak arautu gabeko gaia da. Hala ere, badira gizartean errotuz joan diren zenbait ohitura.

Konparazio batera, sigletan, laburduretan, euskarazko izenetan eta zifretan ez da marratxorik erabiltzen:

  • Siglak: *ETB-ko kazetariak > ETBko kazetariak; *AEK-ko ikasleak > AEKko ikasleak *AEB-ko presidentea > AEBko presidentea…
  • Laburdurak: *jn.-ri, *and-ri, *iz.-ren > jaunari, andreari, izenaren.
  • Euskarazko izenak (eta euskarara moldatutakoak): *Arantza-ra > Arantzara; *Urroz-etik > Urroztik; *Mikel-i > Mikeli; *Amaiur-en > Amaiurren; *Bartzelona-ra > Bartzelonara; *Palestina-tik > Palestinatik…
  • Zifrak: *ilbeltzaren 2-tik 5-era > ilbeltzaren 2tik 5era; *% 10-eko beherapena > % 10eko beherapena; *18:30-etan > 18:30ean…

Baina duela hilabete batzuk Euskararen Txokoan aipatu bezala, sinboloetan marratxoa erabili behar da:

  • 50 kg-ko; 5 €-an…

*Oharra: Izartxoa dutenak ez dira zuzenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun