Marrarekin idatzi behar dira:
- Gorri-gorri(a) moduko bikoiztapen indargarriak (lehenbiziko osagaia deklinabide atzizkirik gabe): labur-labur, luze-luzea, argi-argia, garbi-garbia, alfer-alferrik, gazte-gazterik, zabal-zabalik, zuzen-zuzenean, bihotz-bihotzetik, hasiera-hasieratik…
- Tarteka-tarteka moduko bikoiztapenak (bi osagaiek atzizki berbera): banaka-banaka, aldian-aldian, egunero-egunero, astero-astero, poliki-poliki...
- Seme-alabak moduko elkarteak: senar-emazteak, galde-erantzunak, izen-abizenak; txuri-urdin, luze-zabal, argi-ilun, han-hemen, ezker-eskuin, harat-honat, negar-zotinka; sartu-atera, joan-etorri; hamar-hamaika (lagun)…
- Barra-barra, plisti-plasta eta zehatz-mehatz modukoak: bor-bor, kili-kili, mara-mara, pil-pil, txin-txin, txio-txio(ka), binbi-banba, dinbili-danbala, kili-kolo, tirriki-tarraka, duda-muda, handi-mandi, tarteka-marteka…
- Donibane-Lohizune moduko leku-izen elkartuak: Lasarte-Oria, Etxarri-Aranatz… (Bi hizkuntzatan direnean, ordea, ez: Lizarra/Estella).
Marrarekin edo bereiz idazten ahal diren hitz elkartuak:
Marra aukerakoa den kasuetan, TTIPI-TTAPAk marratxorik gabe idaztea erabakia du.
- Eguzki lore moduko izen elkarte arruntak. Hemen sartzen dira, bereziki, hiztunak edo idazleak noizean behin eratzen dituen izen elkarte berri, bizi, ugariak: akordeoi-soinu edo akordeoi soinu, lan-hitzarmen edo lan hitzarmen, arazo-iturri edo arazo iturri, osasun-egoera edo osasun egoera..
- Kale garbitzaile, adar jotze edo ate joka moduko elkarte sintetiko arruntak (bigarren osagaia aditz izenkia eta lehenbizikoa bigarrenaren osagarri zuzen).
- Egile elkarteak: kale-garbitzaile edo kale garbitzaile, harri-altxatzaile edo harri altxatzaile, odol-emaile edo odol emaile, eguraldi-iragarle edo eguraldi iragarle, erbi-ehiztari edo erbi ehiztari…
- Ekintza elkarteak: adar-jotze edo adar jotze, zikiro-jate edo zikiro jate, denbora-galtze edo denbora galtze, diru-bilketa edo diru bilketa, lan-eskaintza edo lan eskaintza…
- Jardun elkarteak: ate-joka edo ate joka, aho-zabalka edo aho zabalka, kantu-kantari edo kantu kantari, kontu-kontari edo kontu kontari…
Marrarekin edo loturik idazten ahal diren hitz elkartuak:
- Sudur-luze moduko elkarte arruntak: sudur-luze edo sudurluze, adar-motz edo adarmotz, buru-soil edo burusoil, odol-bero edo odolbero, esku-zabal edo eskuzabal, punta-zorrotz edo puntazorrotz…
Bide batez, aipatu behar da, etxez etxe moduko bikoiztapenak (lehenbiziko osagaia deklinaturik, bigarrena biluzik) bereiz idatzi behar direla: aurrez aurre, gainez gain, herriz herri, parez pare, pausoz pauso, eskurik esku…
Eta bertze kontu bat. Dirulaguntza elkartua idatzi behar da. Lehen diru(-)laguntza gisa ageri zena lotuta ematea erabaki du Euskaltzaindiak Administrazioko erabilera kontuan hartuta.