EuskarAbentura

Astelehenean hasita Euskal Herria alderik alde gurutzatuko du Euskarabentura espedizioak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 29a, 09:00

Uztailaren 1ean hasita, Atharratzetik Getxorako bidea osatuko dute Euskarabenturaren zazpigarren espedizioko kideek. Euskal Herriko zazpi probintzietako eta diasporako 127 gaztek hartuko dute parte esperientzian, eta horietako hiru dira eskualdekoak

Motxilak bizkarrean eta kamiseta laranjak soinean. Halaxe pasako dute uda Euskal Herriko luze zabaleko eta diasporako 127 gaztek. Euskarabentura espedizioaren zazpigarren aldia eginen dute aurten, Atharratzen hasi eta Getxon bukatuta. Bidean 400 kilometro osatuko dituzte, gehientsuenak oinez. Beraiekin batera 30 laguneko taldea ariko da gidari eta bertzelako lanetan.

Atharratzen hasiko dute bidea, eta hala Zuberoan aitzineko edizioetan baino etapa bat gehiago eginen dute. Euskal Herritik pasatzen diren Done Jakue bidearen hiru bideak jarraituko dituzte gero. Hasteko frantses bidea Mauletik Iruñera, gero barnealdeko bidea kontrako norabidean Añana-Gesaltzatik Baionara eta azkena, kostaldeko bidea, Baionatik Getxora.

Tartean, eskualdeko lurretan ere ibiliko dira parte hartzaileak: uztailaren 18ko arratsaldean ailegatuko dira Lesakara, Oiartzunen barna. Lesakan pasako dute arratsa, eta biharamunean Lesaka eta Urdazubi arteko bidea osatuko dute. Arratsa Urdazubin pasata, Amaiurrera arteko etapa osatuko dute oinez. Handik, Baionara joanen dira.

Oinez ibiltzeaz eta dozenaka leku ezagutzeaz gain, hainbat gai landuko dituzte parte hartzaileek. Aurten, bertzeak bertze euskara batua eta euskalkiak, emakumea eta kirola, eta utopia. Hain justu, gai horiei buruzko lanak aurkeztu behar izan dituzte espedizioan parte hartu duten gazteek aukeratuak izateko.

Denera 127 parte hartzaile izanen dira eta horien artean zazpigarren edizioan hiru dira eskualdekoak: Garazi Belda Xurio zugarramurdiarra, Laiene Mayora Oteiza gazteluarra eta Uxue Aizkorbe Herrera goizuetarra. Espedizioa hasi aitzinetik elkartu dira Ttipi-Ttaparekin espedizioari buruzko kontuak kontatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun