EuskarAbentura

«Espero dut kontent itzultzea eta espedizioa maitatzea»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 29a, 10:00

Iaz ere aukeratu zuten Xurio espediziorako, baina, ezin izan izan parte hartu eta aurten osatuko du espedizioa.

17 urte ditu Garazi Belda Xurio zugarramurdiarrak, eta Euskarabentura espedizioko kidea izanen da aurten. Iaz ere aukeratua izan zen Getxo arteko bidea oinez osatzeko, baina hasi baino bi hilabete lehenago zauritu eta ezin izan zuen parte hartu. Berriz aurkezteko erabaki hartu du aurten iaz espedizioan parte hartu zuten lagunek animatuta, eta lana prestatuta, bigarrenez aukeratu dute Euskal Herria oinez gurutzatzeko.

Iaz artelan bat aurkeztu zuen, eta aurten aldiz testuaren aldeko apustua egin du zugarramurdiarrak: «Euskara batua eta euskalkiak gaia aukeratu dut eta nik euskalkiekin dudan harremanari buruz idatzi dut», azaldu du. Lana osatzea prozesu «interesgarria» izan dela dio: «Orain arte ohartu ez nintzen gauza batzuetaz ohartzeko balio izan dit», kontatu du. Idatzizko testu bat prestatzearen aldeko apustua egin du, lana sortzeko orduan «errazena» zelakoan.

Seaskak Baionan duen Bernat Etxepare lizeoko ikaslea da zugarramurdiarra eta bazuen aurten bigarren aldiz aukeratua izateko esperantza: «Izena eman nuen sasoian Saran bizi nintzen, eta banekien hautatua izanen nintzela Iparraldean izena ematen dutenak hautatuak baitira normalean».

Espedizioa hasteko oraindik egun batzuk falta diren arren, dagoeneko hasia da prestaketa lanetan, bai materiala erosten, eta baita fisikoki ere: «Mendira joaten hasi naiz, bereziki Euskarabenturarako prestatzeko», kontatu du. Hala ere, oraindik ez da urduritu: «Momentukoz aski lasai naiz, eta uste dut espediziora ere lasai joanen naizela. Hala ere, ikusiko da momentua etorri ahala.127 parte hartzaileen artean, gainera, baditu ezagunak dituen batzuk: «Baditut lagun franko joanen garenak, lizeotik hamar bat ezagun», kontatu du. «Hori ere abantaila da», osatu du.

Bertzelakoan, gogotsu dago uztailaren 1a ailegatu eta Atharratzen bidea hasteko: «Espektatiba haundirik gabe joan nahi dut, abenturara, baina espero dut ongi joatea, lagun berri aunitz egitea, leku berriak ezagutzea eta ezagutza berriak lortzea».

Aitzineko urteetan parte hartu duten esperientzia onek ere lagundu dute zugarramurdiarra motibatzen: «Lagun batzuk joan den urtean egon ziren eta aski kontent itzuli ziren handik, eta espero dut nik ere maitatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun