Euskarabenturan parte hartzeko aitzinetik lan bat aurkeztu behar izan du eta, bere kasuan euskara eta euskalkiei buruzko testua bat osatzea erabaki du: «Artikulu historiko bat idatzi dut: euskara batua zergatik sortu zen, sorrera nolakoa izan zen eta bertako euskalkiei buruz aritu naiz, eskualdeko euskalkiez eta beraien garrantziaz».
Testuan informazioa emateaz gain bere iritzia ere eman du Mayorak: «Interesgarria iruditzen zait euskara batuak euskalkiekin batean duen garrantzia», azaldu du. «Gaur egun euskalkiak aunitz erabiltzen dira eta horrek bakoitza nongoa den identifikatzen laguntzen du, eta uste dut hori oso garrantzitsua dela«, gehitu du.
Aurkeztutako lanarekin «kontent», bazuen esperantza espediziorako aukeratua izateko. «Parte hartzaileak eskualdeka aukeratzen dituzte, eta ez nuen aditu hemendik inor apuntatua zenik. Lan ona egin nuenez banuen esperantza aukeratua izateko», azaldu du. Pozarren hartu zuen aukeratua izanaren berria: «Email bat bidali ziguten aukeratua nintzela erranez, eta aunitz emozionatu nintzen, esperientzia bizitzeko gogotsu nago».
Uztailaren 1ean hasiko dute bidea, eta gogotsu dago gazteluarra «zer eginen dugun ikusteko eta jendea ezagutzeko». Oinez gurutzatuko dute Euskal Herria eta «ongi» moldatuko dela espero du, maite duelako mendira joatea eta leku berriak ezagutzea. Euskara mintzatzea du Euskarabenturako helburua, eta baita lagun berriak egitea eta leku berriak ezagutzen disfrutatzea ere.
Erosi beharrekoak erosita, motxila prest, gogotsu, eta aldi berean urduri dago: «Pentsatzen dut eguna hurbildu ahala, eta batez ere azkeneko egunetan urduri jarriko naizela, gehien bat lehenengo egunagatik. Baina uste dut lehen eguna pasatzean urduritasuna joanen dela eta aunitz disfrutatuko dudala».