Uxue Aizkorbe Herrera

«Euskal Herri osoko jendea ezagutzea aberasgarria izanen da»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 29a, 12:00

Utopiaren gaia ardatz hartuta trikitixarekin abesti bat sortu du Uxue Aizkorbek.

17 urte ditu Uxue Aizkorbe Herrera goizuetarrak eta batxilergoa ikasten ari da Leitzako Amazabal ikastetxean. Lehenengoz aurkeztu du aurten hautagaitza Euskarabenturan parte hartzeko eta Atharratze eta Getxo arteko bidea osatzeko 127 gazte aukeratuetako bat izan da.

Horretarako utopia gaitzat hartuta abesti bat osatu du goizuetarrak: «Utopia iruditu zitzaidan gairik interesgarriena, eta trikitiarekin erraztasuna dudanez, abesti bat egin dut», kontatu du. Abestian, utopia zer den kontatu eta kontzeptua irudikatzen saiatu da: «Ezinezkoa den zerbait, baina, hala ere gauzak egitera bultzatzen gaituena», azaldu du.

Ez da trikitia lagun egin duen lehen sorkuntza lana eta hasieran abestia egitea «pixka bat» kosta zitzaion arren, lehen estrofa egindakoan «erraz» aritu da. Pozik gelditu da lanarekin, are gehiago ikusita gurasoak «zein harro dauden». Ez zuen espero hautatua izatea, eta sorpresa izan den arren, «oso pozik dago».

Euskaraz gehiago hitz egiteko eman du izena espedizioan Aizkorbek: «Etxean ez dugu euskaraz egiten, lagunekin bakarrik egiten dut, eta batzuetan nahi gabe gaztelaniara pasatzen naiz. Ohitura hori aldatu nahi dut Euskarabenturan», kontatu du.

Euskaraz aritzeko ohitura lortzeaz gain, espediziorako bertze asmo batzuk ere baditu goizuetarrak: «Uste dut asko ikasiko dudala: hainbeste herritan egonda leku horietako ohiturak ikasiko ditugu, eta espero dut lagun asko egitea. Euskal Herri osoko jendea ezagutzea oso aberasgarria izaten ahal da«, azaldu du.

Uztailaren 1ean hasiko den zeharkaldirako gauza ia denak prest ditu dagoeneko Aizkorbek: «Zapatilak ere ibili ditut han hanketako minik ez izateko», dio. Izan ere oinez ibiliko dira egunero-egunero, baina egiteko horretan ongi moldatzeko esperantza badu: «Beharbada hasieran hainbeste kilometro egitea kostako zait, baina uste dut gorputza gero ohitu eginen dela eta ongi moldatuko naizela».

Euskarabenturarako gauzak denak prest, urduritasuna kudeatzea izanen da hasi aitzineko azken egunetan egitekorik zailena: «Eguna iristean oso urduri egonen naiz. Hasieratik, autobusean sartzen garenetik, bakarrik joanen naiz, eta hori nahiko beldurgarria da niretzat. Baina gero ederki moldatzea espero dut!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun