Alkoholismoaren kontra borrokan

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 4a, 10:00

Argazkia: Freepik.

Alkoholiko Anonimoen Berako taldera hurbildu da TTIPI-TTAPA. Hantxe biltzen dira alkoholarekin arazoak izan dituzten Baztan-Bidasoaldeko hainbat herritar. Alkoholak egiten ahal duen minaz ohartarazi nahi izan dute eta arazoak dituztenei hurbiltzeko deia egin diete. Gaur eta bihar sei lagunen testigantzak argitaratuko ditu TTIPI-TTAPAk.

Batzuek karrikan edaten zuten, bertzeek etxean, zenbaitzuek lanean… Gordeka ibiltzen ziren batzuk eta lagunartean bertzeak. Alkoholak, ordea, denei gogor jo die. Ongi aski ezagutzen dituzte ondorioak eta alkoholismoa «hagitz gaitz gogorra» dela diote, «sendaezina eta progresiboa da». Gehiago ere bai: «alkohola dagoen drogarik gogorrena da, edozeinen eskura dago eta konturatu gabe, bere atzaparretan harrapatzen zaitu».

Baztan-Bidasoaldeko Alkoholiko Anonimoen taldera, edo eurek dioten bezala, «parrandako lagun ohien taldera» hurbildu eta, Josu, Maite, Iñaki, Miren, Manuel eta Migelek –asmatutako izenak dira– hartu dute hitza, eta zurrutak eurei eta ingurukoei egin dien kalteaz eta minaz aritu dira. Ia guztiek lortu dute alkohola uztea, eta bide horretan Alkoholiko Anonimoen taldea gakoa izan dela nabarmendu dute. Anonimotasuna izan da azpimarratu duten bertze kontua: «Honat etortzen denak nahi duena lasai erraten ahal du, lau pareten artean geldituko da».

Asteazkenero Beran

Nafarroan Alkoholiko Anonimoen hamazazpi talde daude eta horietatik bakarra da eskualdekoa: Berakoa, orain dela 37 urte sortua. Lehenbizian Berako elizan hasi ziren biltzen, eta gaur egun Beralandeta dute bilgune. Asteazkenero 19:00etan hantxe elkartzen dira. Bilera irekiak dira eta alkoholarekin arazoa duen edozeinek parte har dezake.

Baldintza bakarra alkohola uzteko nahia izatea da eta norbaitek laguntza behar badu 620 17 16 86ra edo 600 76 34 23ra dei dezake. Etxera ere joaten dira, arazoa duenari eta etxekoei taldeak nola funtzionatzen duen esplikatzera. Hortik aitzinera: «etorri nahi badu, bere erabakia izanen da. Guk ezin dugu inor behartu». Gaur egun, «sei bat lagun» elkartzen direla ere kontatu dute, baina bidean batzuk galdu dituztela ere onartu dute: «Badira taldera etorri eta segitu ez dutenak. Guttienez bortz lagun hil dira, aski gazterik, 50 urtetik beheitikoak».  

Alkoholarekin izan duten esperientzia elkarrekin partekatzen dute eta urteen joanean familia bat osatzera pasatu dira. Kide berri bat baldin badago «beso zabalik» hartzen dutela ere gaineratu dute: «Edanak ibiltzen ginenean, ez genuen lotsarik izaten. Honat etortzeak lotsa handia ematen du, baina merezi du. Zahar eta gazte, denok gaixotasun bera dugu eta horren kontra ari gara». 

Denetariko kasuak

Asteazkenero egiten dituzten hitzorduetatik harago, «tarteka estatu mailako eta atzerriko bertze taldeetakoekin topaketak» egiten dituztela esplikatu du Migelek, eta benetan kasu gogorrak ezagututakoak dira. Migelek «alkoholik ez edateko etxean giltzapetuta utzi, eta bertze deus ez zuenez, kolonia edan zuen neska gaztearen istorioa» kontatu du; eta Josuk «kamioian zihoanean antsietateak jota kamioi depositutik mangera edo tutua hartuta gasolioa edan zuen kamioilariaren istorioa». Honela gaineratu du: «Alkoholaren beharrak edozein gauza eginarazten dizu». 

«Alkoholismoa gaixotasun sendaezina da, okerragora doana, eta ez baduzu garaiz harat-honata egiten hiru bide dituzu: psikiatrikoa, kartzela edo heriotza»

Hortaz, beranduegi izan aitzinetik alkoholarekin arazoak dituztenei dei egin diete: «Alkoholismoa gaixotasun sendaezina da, okerragora doa, eta ez baduzu garaiz harat-honata egiten hiru bide dituzu: psikiatrikoa, kartzela edo heriotza». Oinarria «egiatan alkohola utzi nahi izatea» dela nabarmendu du Josuk: «Deus baino lehen alkoholikoak garela onartu behar dugu, eta egiatan alkohola utzi nahi baduzu, lortzen ahal duzu. Etxeko sua etxeko hautsekin itzali errana izaten da, eta aunitzek ez dute etxeko arazoez kanpoan inor enteratzea nahi izaten. Baina batzuetan ezin da estali, eta laguntza eskatu behar da».

Egoera hain hurbiletik ezagututa, gaia ederki kontrolatzen dute eta bertze edozeinek ikusten ez duenaz ere ohartzen dira: «batzuek alkohola utzi dutela erraten dute, baina ongi aski dakigu nork bai eta nork ez. Etorri beharko genukeen guztiak etorriko bagina, Beralandeta ttiki geldituko litzaiguke, frontoian bildu beharko genuke», dio Migelek. 

Ikastetxeetan hitzaldiak

Gaur egun ikastetxez ikastetxe hitzaldiak emanez ibiltzen dira eta garrantzitsua iruditzen zaie, «alkoholarekin ez bada bertze drogekin, aski gazterik ikusten dira eta...», adierazi du Josuk. Kontatu duenez, «ikasleek muga non dagoen» galdetu izan diete, «alkohola noiz den arriskutsua», alegia. Hau da bere erantzuna: «Etengabe alkohola behar izatea arriskutsua da. Bospasei trago egin eta gelditu beharrean gorputzak gehiago eskatzen dizunean, egarria duzun aldiro behar duzunean, alkoholismoaren bidera zoaz». Honela gaineratu du: «Batzuek uste dute alkoholiko anonimoa izatea baino hobe dela mozkor ezaguna izatea. Niri ere halako komentarioak egin izan dizkidate, baina ez didate minik egiten. Badakit alkoholiko gaixo bat naizela, onartua dut».

«Lehen edanak ikusten gintuztenean jendea irriz egoten zen guri begira. Orain, edateari utzi diogu eta akabo haien besta»

Horrekin lotuta, «lekuz kanpoko komentarioak» aipatu ditu Mirenek: «Jendea batzuetan gaiztoa da. Edaria utzi ondotik zer egin duzun eta nola ibili zaren jakin nahi izaten du eta galdeka ibiltzen da». Iritzi berekoak dira gainerakoak ere: «Niri edaten nuela nabaritzen zitzaidala erran izan didate. Ba bai, baina orain bertze etapa bat hasi dut eta kito», kontatu du Maitek. Bide beretik jo du Josuk: «Lehen, edanak ikusten gintuztenean jendea irriz egoten zen guri begira. Orain edateari utzi diogu, eta ongi gaudela ikusten dutenean akabo haien besta».

Alkoholaren ondorioak

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, alkoholismoa gaixotasun sendaezina eta progresiboa da, eta heriotza eragin dezake. Alkoholaren kontsumo kaltegarriak urtean hiru milioi hildako eragiten dituela dio erakundeak, hau da, munduko heriotza guztien % 5,3. Gazteen artean ere heriotza eta desgaitasuna eragin ditzake. OMEk dioenez, 20 eta 39 urte bitartekoetan, heriotzen % 13,5 inguru alkoholari lotuak dira. Kontsumo kaltegarriak 200 gaixotasun, traumatismo eta nahasmendu sortzen ahal dituela ere ohartarazi izan du: buruko eta portaera arazoak, alkoholismoa, zirrosi hepatikoa, minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak... Bertzelako ondorioak ere aipatu izan ditu OMEk: sozialak, emozionalak, ekonomikoak, familiakoak, lagunartekoak...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun