Alkoholismoa

«Egun osoa berotua pasatzen nuen»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 5a, 09:00

Argazkia: Freepik.

Hasieran poteoan, eta gerora goizean goizetik. Halaxe hasi zen alkoholarekin Iñaki. «Goizean ernatu orduko» hasten omen zen zurrutean, eta egunez «edozein aitzakia probesten nuen edateko». Gaur egun hamabi urte daramatza edan gabe.

«Lanetik aterata beti poteoan ibiltzen nintzen, ardoa edanez. Nire nagusiari ere edatea gustatzen zitzaion, eta hark anisa edaten zuen bitartean, ni gaztetxoa nintzenez, lehenbizian, zerbait suabeagoarekin hasi nintzen, moskatelarekin». Horixe kontatu du Iñakik. Hura hasiera baino ez zen izan. «Bezperan mozkortuta, biharamunean lanetik atera arte aguantatzen nuen. Lanetik atera eta berriz ere txikiteoan hasten nintzen». Baina denborarekin lanetik atera arte edan gabe esperatu behar izatea «aguantatu ezina» bihurtu zen, «eta goizetik zurrutean hasi nintzen».

Lanean bere gisa hasita berdin segitu zuen, «furgonetako eserleku azpian, garajean, tailerrean, bulegoan… Botilak nonahi izaten nituen, hura desmadrea. Uste nuen inor ez zela enteratzen, baina lankideekin kotxean nindoala, kinki eta kanka, botila soinu ederra adituko zuten». 

Goizean ernatu orduko hasten omen zen: «bi tragotan botila erdia edan, goitika bota, berriz bertze trago bat eta lanera». Lanean ari zela, edozein aitzakia probesten zuen edateko: «gosariaren bila joaterakoan tragoak, dendara zerbaiten bila joan eta tragoak, etxean otorduetan litroko botila ardoa hustu… Egun osoa berotua pasatzen nuen».

Hamabi urte edan gabe

Hala segitu zuen «arrebak eta koinatuak Alkoholiko Anonimoen taldean zebilen ezagun baten berri» eman zioten arte. Pausoa eman eta taldean hasi zen, «baina kosta zitzaidan uztea». Batzuk euren borondatez eta bertze batzuk senideek lagunduta hurbiltzen dira taldera, Iñaki bezala: «Lehenbiziko hilabetean emazteak lagundu zidan Alkoholiko Anonimoen bileretara, ez baitzen fidatzen». Gero bakarrik hasi zen, «baina bidean gelditzen nintzen, zerbeza pare bat hartu eta…». 

«Kafea eta kopa hartu eta horrekin aski duela erraten dakien jendeak inbidia ematen dit, baina gaixotasuna dugunok ezin dugu hori egin»

Aitortu duenez, «taldekideei beti egia erraten nien eta taldeko bileretara etorriz segitu nuen». «Hasiera gogorra izan zen, batez ere lehenbiziko urtea, jendeak hemen ikusiko ninduen beldurrez…». Baina ez da urrikitu. «Egun batean bidean ez nintzen tragoa hartzera gelditu, eta hamabi urte pasatu dira geroztik. Hamabi urte daramatzat edan gabe». Honela gaineratu du, «kafea eta kopa hartu eta horrekin aski duela erraten dakien jendeak inbidia ematen dit, baina gaixotasuna dugunok ezin dugu hori egin». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun