Alkoholismoa

«Emakume gehienek bezala etxean gordeka edaten nuen»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 5a, 10:00

Argazkia: Freepik.

Maitek «etxean bakarrik» edaten zuen, aitortu duenez, «emakume gehienek bezala, gordeka». Eta zergatik hasi zen galdetu izan diotenean, erantzunik gabe gelditzen da: «Ez dakit zergatik hasi nintzen, baina gero eta gehiago hasi nintzen eta gorputzak gehiago eskatzen zidan». 

«Lanetik etorri eta baso bat edanez» hasten omen zen, baina «edaten banuen segitzen nuen, eta ondotik zer? Ba aunitzetan siestara». Esplikatu duenez, «ez nuen aunitzik edaten, baina ez zidan onik egiten».

Arazoari buelta eman nahian, «psikologoarekin ibili nintzen», baina benetan lagundu ziona «Alkoholiko Anonimoen taldea izan zen. Semeak ekarri ninduen, eta aunitzetan erran izan dit jakin izan balu, lehenagotik ekarriko ninduela». Hasieran «medikuak Irungo Alkoholiko Anonimoen taldera bidali ninduen, hemen inguruan ezagutuko nindutela eta… Baina hiru saio baino ez nituen egin han, segidan Beran hasi nintzen eta hemen segitzen dut». 

Hasiera hartatik esaldi bat «barrenean» gelditua du: «alkohola uzteko gakoa lehenbiziko kopa da. Hori nabarmendu zidaten». Halaxe egin zuen, lehenbizikoa eta gainerakoak ere utzi, eta geroztik ia 15 urte pasatu dira: «Liberazio handia izan da. Gauza ederra da edozein ospakizunetara edo otordutara joan eta ongi eta lasai sentitzea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun