Alkoholismoa

«Alkoholik gabe ez nintzela deus barneratu nuen»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 4a, 11:00

Argazkia: Freepik.

Josu haurra zenean hasi zen edaten, eta urteak pasatu ahala gehiagora joan zen, egiazko arazo bihurtzeraino. «Edozein tokira joateko alkohola behar nuen». Momentu gogorrak bizitakoa da, baina gaur egun «alkoholik gabe bizitzen ikasi dut eta aunitzez hobekiago nago».

«6-7 urterekin sagardoa edaten nuen eta 9-10 urterekin ardoa. 12-13 urterekin ardoa eta zerbeza hartzen hasi nintzen, eta 14-15 urterekin zerbeza, anisa eta gehiago. 16-17 urterekin ginebraren kuba-libre ospetsua probatu nuen, eta hura niretzat bonba bat izan zen. Hagitz pertsona lotsatia nintzen, neskei dantzatu nahi zuten galdetzeko ere lotsatzen nintzen, eta ezezkoa erraten bazidaten gorritu. Ginebraren kuba-librea probatzea ikaragarria izan zen, hura euforia, hura deskubrimendua».

«Hagitz pertsona lotsatia nintzen, eta ginebraren kuba-librea probatzea ikaragarria izan zen»

Baina kubatarena ere handitzen joan zen: «Hasieran igandetan bizpahiru zerbeza eta bi kuba-libre hartzen nituen eta primeran pasatzen nuen, neskei dantzatzeko eskatzen nien eta ezezkoa erraten bazidaten ez zitzaidan inporta. Baina poliki-poliki zerbezak alde batera utzi eta bizpahiru kuba-libretik bortzera pasatu nintzen, gero zazpira, hamarrera… 20 urterekin arazo handia nuen».

Gazte denborako pasadizo saila ditu oroimenean. Alkohola tarteko, «kotxeekin hainbat kolpe» izan omen zituen, «istripu bat eraginda, gaua kalabozoan pasatu ere bai…». Kontatu digunez, «neska batek alkohol gehiegi» edaten zuela ere ohartarazi zion: «Eta ni neure baitan, ‘jakinen balu bidean zenbat edan ditudan…’. Besta egitera atera eta bidean herriz herri gelditu eta tragoak hartzen genituen. Ikaragarrizko sasoia nuela sentitzen nuen». Hasiera hartan neska haren erranak zer pentsatua eman ziola onartu du, baina «erabat barneratua nuen alkoholik gabe ez nintzela deus. Alkohola behar nuen, eta horrekin segitu nuen». 

Gorputzaren «abisuak»

Parranda utzita, «etxean, ardoa eta kalimotxoak» edanez segitu zuen. «Lanera ere botila kalimotxoa hartuta joaten nintzen. Dendara, herriko etxera, bankura... Edozein tokitara joateko alkohola behar nuen, ausardia eta indarra ematen zidan. Bertzela ez nuen fundamenturik».

Ondorioak, ordea, luze gabe sumatu zituen. Alde batetik, «edozein gauzarengatik ikaratzen hasi nintzen. Buruan paranoiak nituen». Eta bertzetik, bertzelako osasun arazoak hasi zitzaizkion: «kolesterola goia jota, triglizeridoak goiti, diabetesa…». Kontatu duenez, «behin lantegian tentsioa 22 eta 14 neurtu zidaten. Atera kontuak nola nengoen. Urteak neramatzan berotua, egunero-egunero edanda».

«Alkoholikoak garenean gezur aunitz erraten ditugu edaten segitzeko»

Medikuari «egunean litro bat» edaten zuela kontatu izana ere oroitzen da, «baina gezurra zen. Badakizu egiatan zenbat edaten nuen? Egunean lau litro ardo eta bi litro koka kola». Bere hitzetan, «alkoholikoak garenean gezur aunitz erraten ditugu edaten segitzeko. Adituek erraten dutenez, gibela esponja idor bat bezala bihurtzen da eta etengabe alkohola eskatzen du. Antsietate handia sentitzen da».

Medikuen ohartarazpenei kasurik egin gabe, berdin segitu zuen Josuk, eta «bularreko angina» bat izan zuen. Tratamendua paratu zioten, eta «hasierako egunetan pixka bat guttiago edan nuen, baina berriz lehengora bueltatu nintzen, eta gainera, egunean zortzi-hamar pastilla hartzen nituen. Edozein momentutan lehertzen ahal nintzen». Baina hala segitu zuen «bertze susto bat» izan zuen arte. «Kardiologoak garbi utzi zidan. Bi bide nituela erran zidan: dieta egin eta tratamendua behar bezala hartu, eta bihotza moldatzen saiatuko zela jakinarazi zidan; edo ordura arte bezala segitzen banuen, ez nuela aunitzik iraunen. 'Zure esku utziko dut' erran zidan». 

«Medikuak hilko nintzela erran zidan...»

Orduantxe egin zuen klik: «Medikuaren errana» gogoan gelditu zitzaion, «hilko nintzela errana zidan...». Eta handik egun batzuetara, «bero egiten zuen egun batean, dardarka hotzak nengoela konturatu nintzen. Orduan erabaki nuen medikuari egia aitortu eta laguntza eskatzea. Desintoxikatzeko zentro batera bidaltzeko eskatu nion, baina ezetz erran zidan, tratamendua berak paratuko zidala. Pastillak eman zizkidan eta argi utzi zidan: 'Pastillak hartu eta edaten segitzen baduzu, bertan geldituko zara'». 

Hura izan zen alkohola uzteko lehenbiziko bulkada. Eta bigarrena Alkoholiko Anonimoen taldera joatea, «ezagun batek aholkatuta». Momentu hartan «desgraziatua» sentitu zen, «ez nintzelako alkoholaren kontra bakarrik egiteko kapaz. Baina Alkoholiko Anonimoen taldean jende aunitzekin egin nuen topo eta niri pasatzen zitzaidana gertatzen zitzaiela konturatu nintzen». Horrela hasi zen alkoholik gabe bizitzen, «42 urterekin». 

Akabo sufrimendua

«Poliki-poliki hobera egiten» hasi zen: «dardarak beheiti egin zuen, eta gauez ohatzera joaten nintzenean deskantsatuta ernatzen hasi nintzen. Edanez gero, aunitz ere nekatuagoa jaikitzen nintzen». Bere hitzetan, «medikuntzak bere eragina izan zuen, baina egiazki eragin zuena Alkoholiko Anonimoen taldea izan zen. Hemen hartzen den laguntza psikologikoa zoragarria da. Alkohola utzi nahi duzula argi izan behar duzu, bai, baina hemen batak bertzeari laguntzen diogu, eta niretzat laguntza hori nahitaezkoa izan da. Gaur egun, 26 urte daramatzat tantarik probatu gabe». Eta ez du dudarik: «Bizitza aldatu zait, berriz jaio naizela sentitzen dut».

«Bizitza aldatu zait, berriz jaio naizela sentitzen dut»

Aldaketa berak ez ezik, ingurukoek ere sumatu zuten, onerako: «Ikerketek diote familian dagoen alkoholiko bakoitzeko lauk sufritzen dutela, eta nire etxean ere ederki sufritu zuten. Zenbat eta zenbat familia ote dira alkoholarengatik izorratuak». Gaur egun, buelta eman dio eta «ongi sentitzen naiz, baita etxekoak ere, eta alkoholaz ez naiz oroitzen». Gaineratu duenez, «inguruak edatera bultzatzen zaitu. Dena alkoholarekin ospatzeko ohitura dugu, alkohola aitzinean paratzen dizute, baina ederki ikasi dut alkoholik gabe bizitzen eta aunitzez hobekiago nago». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun