Alkoholismoa

«Orain ohartu naiz familiak zenbat maitatu nauen»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 5a, 12:00

Argazkia: Freepik.

Mirenek ez daki zergatik hasi zen edaten, eta areago, gerora ohartu izan da «alkohola ez zaidala gustatzen. Baso bat ardo edateko azukre aunitz eman behar izaten nion, eta hala edaten nuen, azukrearekin hobekiago sartzen baitzitzaidan. Ez dakit zergatik egiten nuen, baina egiten nuen».

«Haurrak eskolara eta senarra lanera» joan ondotik murgiltzen zen zurrunbiloan: «Bakarrik gelditu arte esperatzen nuen, baina joan orduko nire txokoetan begira hasten nintzen. Eta haiek lanak, banekien edaria nonbait gordea nuela, baina ez nintzen oroitzen non. Etxe guztia hankaz goiti uzten nuen, edaria harrapatu arte».

Esplikatu duenez, «ez nuen gosaldu ere egiten eta eguna york urdaiazpiko xerra bat janda pasatzen ahal nuen. Makila bat bezala gelditu nintzen. Tragotxo batekin hasi, gero bertze bat, eta bertze bat… Eta azkenean, ohatzera edo sofara joan behar izaten nuen. Mingaina loditua, lurrera erori eta nonahi kolpeak hartzen nituen, baina ez nintzen oroitzen non eginak nituen…». Gaineratu duenez, kolpe eta kolpe artean erorita, «ukondoa hautsi nuen».

Alkohola tarteko, «momentu gogorrak» pasatu zituen: «Etxekoek bazekiten, egoera horretan harrapatzen ninduten, eta lanetik ere bota ninduten». Urteak pasatu ondotik konturatu da «nire kulpaz, etxekoek zeinen gaizki pasatu zuten. Alde batera ere uzten ahal ninduten, baina onartu ninduten. Orain konturatzen naiz zenbat maitatu nauten eta zenbat arduratu diren nitaz». Onartu duenez, «etxekoek niregan konfiantza galdu zuten. Beti azken aldia izanen zela erraten nuen, baina segitzen nuen, eta berriz konfiantza hartzea kosta zitzaidan. Hagitz gogorra da, tristea».

«Hagitz-hagitz azkarrak gara, gezurtiak, eta harro jokatzen dugu»

Tratamendua paratuta ere, eginahalak eta bi egin omen zituen «pastillak ez hartzeko. Alkoholikoak erne ibiltzen gara. Senarrak pastilla irentsi nuen jakiteko, ahoa erakusteko erraten zidan. Baina mingaina azpian gordetzen nuen, eta buelta erdia eman orduko zaborrontzira bota. Edaten segitzen nuen. Pastilla xehatua ematen ere hasi ziren, baina mingain azpian guata sartu eta ahal nuen guztia guatara bideratzeko moldatzen nintzen. Hagitz-hagitz azkarrak gara, gezurtiak, eta harro jokatzen dugu». 

Hasi eta utzi, hasi eta utzi 

«Boladaka» ibiltzen omen zen: «oraintxe ongi, baina istantean berriz erori, behin eta berriz, eta horrela ezin nuen segitu. Lana bilatu behar banuen ongi jarri beharko nuela erraten nion neure buruari. Eta egun batean egunkaria leitzen ari nintzela, Alkoholiko Anonimoei buruzko berria ikusi nuen. Harat deitzea erabaki nuen, eta horrela hasi nintzen». 

Taldera hurbildu zen lehenbiziko aldian «edanda» joan omen zen: «Hurrengo bilerara sartu nintzenean, ez nintzen inortaz oroitzen». Poliki-poliki, ordea, bidea egiten hasi zen, nahiz eta «gogorra» dela onartu duen; «alkoholaren beharra sentitzen bainuen». Taldean hasi eta «sei-bederatzi hilabeteren buruan, berriz erori nintzen. Erosketak egitera joan, apaletan zerbeza ikusi, bat hartu eta gehiago eta gehiago… Sendatua nintzela pentsatzen nuen, baina gaixotasun hau ez da sendatzen. Hala ere, ez nion Alkoholiko Anonimoen taldekoekin biltzeari utzi, eta hemengoen babesa izugarria izan zen. Animatu ninduten eta utzi nuen».

«Alkoholiko Anonimoen taldera berandu xamar hurbildu nintzen, baina gaur egun hagitz ongi nago»

Gogor eginez, «poliki-poliki» ongi sentitzen hasi zen: «dardara desagertzen hasi zen, bestondorik ez nuen…» Taldera «berandu xamar» hurbildu zela uste du, baina «gaur egun, hagitz ongi nago eta etxekoek badakite lagunekin ateratzen banaiz ez dudala edanen. Lagunek zuritoa hartuko dute, eta nik Bitter Kas, koka kola…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun