Alkoholismoa

«Badakit alkohola pozoia dela niretzat»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 5a, 11:00

Argazkia: Freepik.

Migelek «betitik» edaten omen zuen, baina «alargundu nintzenean, gero eta gehiago edaten hasi nintzen. Lanean ez nuen hutsik egiten, baina libre baldin banuen, gehiegi edaten nuen, eta gero eta gehiago». Erretiroa hartu zuenean egoerak eskuetatik ihes egin zion: «Erretiroa hartu eta alkohola utzi nuen arte, urte oso bat mozkortua pasatu nuen. Etxetik atera eta ostatura joaten nintzen, egunero besta, gaizki jan… Hura desmadrea». 

Ez du atzendua alkohola alde batera utzi zueneko uda hura. Herriko bestak bukatuta, bertze herri bateko bestetan eman zion segida parrandari. «Lagun batek etxera eraman behar izan ninduen eta ez naiz oroitzen tarte batean zer gertatu zen». Handik egun batzuetara hartu zuen «azken ardoa: Etxera nindoala, lurrera erori nintzen eta osasun zentrora eraman behar izan ninduten». Zer gertatu zen, ordea, ez daki: «Ez naiz deusez oroitzen».

Biharamuneko kolpeak ikusita, «zer ote dut?» pentsatu omen zuen, eta alabak, «haserre, sekulako errieta» egin ziola aitortu du. Alkohola dela medio, «familiari eta gehien maite diegunei sufriarazten diegu. Ez edateko erraten dizute, baina gezurretan zurean segitzen duzu. Alkoholikoak, aktibo gaudenean, hagitz gezurtiak gara, dena justifikatzen dugu. Nik, adibidez, dendara joatean, alkohola gonbidatuak genituelako erosten nuela erraten nuen. Dena aitzakia hutsa zen. Niretzat zen».

«Lehendabiziko aldiz taldearen eguneko kartelak paratzeko eskatu zidatenean, goizaldeko hiruretan aritu nintzen, lotsatuta. Gaur egun, edozein ordutan paratzen ditut»

Uda hartako azken trago haren ondotik alabak eman zion Alkoholiko Anonimoen taldearen berri eta halaxe hasi zuen bidea. «Gaur egun, hamahiru urte daramatzat tragorik hartu gabe eta asteazkenero taldera etorriz». Urteotan izan duen bilakaeraren seinale, anekdota bat kontatu du: «ikasturte hasieran taldearen eguna egiten dugu, eta oroitzen naiz, lehenbiziko aldiz kartelak paratzeko eskatu zidatenean, goizaldeko hiruretan aritu nintzela, lotsatuta, norbaitek ikusiko ote ninduen beldurrez. Gaur egun, edozein ordutan paratzen ditut». 

Onartzeko bidea

Asteazkenetako hitzorduetara joateko pausoa emanagatik, kosta omen zitzaion «alkoholikoa nintzela onartzea. Alkoholikoak bertzeak izanen zirela erraten nuen». Lagunartean kontatu zuenean ere zama kendu zuen gainetik: «Nire kuadrillan aunitz edaten dute eta hilabeteak behar izan nituen alkohola utzi eta Alkoholikoen Anonimoen taldera joaten hasi nintzela onartzeko. Hasieran botika fuerte bat hartzen nuelako ez nuela edaten erran nien, baina gezurra zen. Egia Eguberrietan aitortu nien, eta izugarrizko lasaitua hartu nuen». 

Pozoia

Geroztik alkohola alde batera utzita, egunerokoan lagunartean gozatzen segitzen du: «Musean aritzea aunitz gustatzen zait, eta bazkalondotik musean aritzera joaten nintzenean, zer trago hartuko nuen, horrekin obsesioa nuen. Baina musean segitu dut, kafea, tonika edo alkoholik gabeko zerbeza edanez». Eta areago, «alkoholik gabe ere, berdin-berdin pasatzen dudala konturatu naiz, edo hobekiago, orain denaz oroitzen bainaiz; lehen ez». 

«Alkoholiko Anonimoen taldera nahasia ailegatu nintzen eta bizitza eman dit»

Gaur egun, «hagitz ongi» dago Migel. Bai bera, baita seme-alabak ere: «Hagitz kontent daude. Baditut bilobak ere, eta hagitz kontent nago ez nautelako mozkortua ikusi». Etxean «whiski, anis, koñak, patxaran…» denetarik duela ere erran du: «Egunero ikusten ditut, baina badakit niretzat pozoia dela». 

Taldeak, berriz, «bizitza eman» diola sentitzen du. «Nahasia ailegatu nintzen». Eta orain bera da hartu zuena bueltan ematen ari dena: «Alde batetik, pena hartzen duzu honat heldu direnen egoera ikusita, baina bertzetik, kontent nago laguntzen ahal diedalako. Alkoholiko Anonimoen taldeetan hamabi pauso eta hamabi ohitura izaten ditugu eta horietako bakarrean baino ez da aipatzen alkohola, lehenbizikoan. Alkoholaren kontra indarrik ez dugula onartzea da lehenbiziko pauso hori, gure bizitzak gobernaezinak bihurtu direla onartzea. Hamabigarrena heldu denari laguntzea da». Alkoholik gabe bizitzen ikasita horretan ari da gaur egun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun