Udako lanaz gozatu nahi eta ezinik

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 12a, 11:30

Langabezia tasak goranzko joera hartu du otsailetik maiatzera. Aurten udako lanpostu gutxiago izanen dira.

Soldatarik eta maite dutena egiteko aukerarik gabe utzi ditu koronabirusak Iñigo Aldazabal, Izaskun Iparragirre eta Eki Gereka. Hauen falta sumatuko da musikarik gabeko karriketan, ostatu erdi hutsetan eta ateak itxi dituzten igerilekuetan.

Uda opor garaia izaten da batzuentzat, lanerako tenorea bertzeentzat. Aurtengoa, ordea, ezohikoa izanen da guztientzat.  

Maiatz hondarrean 856 langabetu zeuden, iaz baino %27,22 gehiago

Mugimendua beheiti, langabezia goiti  
Covid-19aren ondorioz, jende pilaketak saihesteko neurriak hartzen ari dira eskualdeko hainbat udal: bestarik ez ospatzea, igerilekurik ez irekitzea... erabaki dute batzuek. 

Horrek guztiak eragin zuzena izanen du eguneroko martxan eta, mugimenduak beheiti egitearekin batera, orain arte udan sortu diren lanpostu kopuruak ere beheiti eginen du. 

Iazko langabezia datuei erreparatuz, martxoan 749 langabe zeuden eskualdean eta ekain hondarrean 623 ziren Doneztebeko enplegu zerbitzuan izena emana zutenak. Hiru hilabetez, langabeziak %16,82 egin zuen beheiti.   

Aurtengo martxo hondarrean 787 langabe ziren, joan den urtean baino 38 gehiago; apirilean 838 lagun zeuden eta langabezia iazkoa baino %22,51 handiagoa zen eta maiatzean 856 ziren izena emana zutenak, 2019an baino %27,22 gehiago.  Azken hiru hilabeteotan, beraz, langabe kopurua %8,77 hazi da. 

Otsailetik maiatz hondarrera %15,68 hazi da langabe kopurua

Kalteak alor guztietan 
Kaltetuak izan direnen artean daude, bertzeak bertze, bestaz besta ibiltzen diren zerbitzari eta musikariak, baita sorosle edo monitore lanetan aritzen direnak ere. Iñigo Aldazabal Zamarreño (Bera, 1989), Izaskun Iparragirre Etxartea (Elizondo, 1981) eta Eki Gereka Amunarriz (Zubieta, 1995) eragina sumatzen hasiak dira. Izan ere, Aldazabalentzat udako soldata «osagarria» den arren, hortik «diru-sarrera nabarmena» lortzen du; elizondoarrarentzat musika «laguntza handia» da; eta zubietarrari «urtean zehar bidaiatzeko edo planak egiteko askatasuna» ematen dio. Baina hori baino gehiago ere bada. Bizi dutena, maite dutena eta gustuko dutena egiteko aukerarik ez dute izanen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun