COVID-19: Elkarrizketak

«Aitzineko urteetan gutaz oroitu direnez ez gara atzenduko»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 12a, 11:30

Izaskun Iparragirre, Hauspolariek taldeko musikaria.

Izaskun IPARRAGIRRE ETXARTEA Hauspolariek taldeko musikaria

Etxean aditutakoari tiraka, zortzi urte zituelarik, Baztango musika eskolan akordeoia jotzen ikasten hasi zen Izaskun Iparragirre (Elizondo, 1981). Musika eskolan ikasitakoa eta etxean landutakoa plazaratzeko aukera eman dio 2013an Irune Etxeberria zenarekin eta egun taldekide duen Jaione Elizagoienekin sortutako Hauspolariek taldeak. 

«Bakoitzak bete beharreko lana eta musika mota argi» zituztenez, «gogoz, ilusioz eta indarrez» eman zituzten lehendabiziko pausoak eta «herriek arras harrera ona egin ziguten». Hasieratik, «uste genuena baino lan gehiago» eginez hasi zuten bidea eta halaxe dihardute egun. Lan gehien «inauterietan eta, bereziki, ekainetik irailera bitarte, herriko bestetan» izaten dute. 

«Musikatik bizitzea zaila da baina laguntza handia da»

«20 bat joaldi» alde batera
«Zoritxarrez» aurtengo uda ez da espero bezalakoa izanen egoerak «20 bat joaldi» alde batera uztea eragin baitie. Musikak eragiten dion «gozamena», plazetako giroa eta Jaionerekin musika egiteak berarengan eragiten duen «plazera» falta izanen ditu Iparragirrek.  

Momentuz, «mantentzen diren abuztu hondarreko, iraileko eta urriko» kontzertuen esperoan geldituko dira eta horietan ere ezin bada «hilabeteak aitzinera joan bezala aukera izanen dugula pentsatu nahi dugu».

Musikarekin bizi
Kontzertuek ekonomikoki «laguntza haundia» ematen diote Iparragirreri baina diruaz harago eskaintzen dionak balio erantsia du elizondoar musikariarendako: «nahiz eta laguntza handia izan, musikatik bizitzea arras zaila da baina musikarekin bai bizi naiz, nire egunerokoan leku haundia betetzen duelako». 

Horregatik, hain zuzen, itxialdian ere, musikaz gozatzen eta gozarazten segitzeko asmoa du taldeak: «aitzineko urteetan jendea guretaz oroitu den bezala gu orain ez gara atzenduko eta ahal dugun moduan gure musika eta animoa bidaliko dizkiegu». 

Argi dute «egoera hau ahalik eta goxoena izateko denek denen beharra dutela» eta euren aldetik «ahal dutena» eginen dute. Esker oneko keinuz eta hitzez bete zaio ahoa elizondoarrari: «esker mila aunitz Hauspolariek taldea aitzinera ateratzen lagundu duzuen guztiei, etxeko, lagun, herri, elkarte... guztiei».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun