18 urte zituela hasi zen udan lan egiten, «autonomia ekonomiko minimo bat izateko eta ahal nuen neurrian nire dirua ateratzeko». Ostatu txiki batean zerbitzari hasi zen lehendabizi; abentura parkean monitore lanetan ibili zen gero; eta igerileku batean sorosle ardura izan zuen iaz. Urte hauetan guztietan «udan irabazitakoa aurreztuz» egin du aurrera. Aurten, ordea, zail ikusten du hori.
Ikaslea zara… non eta zer ikasten duzu?
Lehen Hezkuntza gradua ikasten ari naiz Gasteizen. Azken urtean nago eta Gorputz Hezkuntza espezialitatea egiten ari naiz. Betidanik gustatu izan zait kirol mundua eta haurrekin lan egitea. Ardura handiko lana dela uste dut baina, gustuko dudanez, etorkizunari begira aukera interesgarria dela iruditzen zait.
«Planak egiteko edo bidaiaren bat antolatzeko momentuan askatasun handiagoa ematen du diru propioa edukitzeak eta inori ezer eskatu behar ez izateak»
Nola egiten diozu aurre kanpoan bizitzeak dakarren gastuari?
Ikasturtean zehar lan egitea zaila denez, urte batzuk daramatzat uda osoan lan egiten eta urtea pasatzeko dirua aurrezten. Lagun batekin bizi naiz, elkarrekin gastuei errazago aurre egin ahal izateko.
Noiz hasi zinen udan lan egiten?
18 urterekin hasi nintzen udan lan egiten autonomia ekonomiko minimo bat izateko eta ahal den neurrian nire dirua lortzeko, nik nahi dudan moduan nire gastuak kudeatzeko.
Zertan lagundu dizu udan irabazitakoak?
Udan irabazitakoak urtean zehar nahi dudana egiten lagundu dit. Planak egiteko edo bidaiaren bat antolatzeko momentuan askatasun handiagoa ematen du diru propioa edukitzeak eta inori ezer eskatu behar ez izateak.
Zein izan ziren egin zenituen lehendabiziko lanak?
Lehenengo lana, jende askorena bezala, zerbitzari lana izan zen, ostatu txiki batean. Ondotik, nire ikasketekin lotutako lana egiteko aukera izan nuen eta abentura parke batean aritu nintzen hiru udatan.
Zertan aritu zinen azken udan?
Azken udan sorosle bezala aritu nintzen eta aurrekoetan abentura parke batean, monitore lanak egiten. Udan lanean tarteren bat hartzen ahal badut bidaiaren bat egiten saiatzen naiz.
«Nahiago dut dagoenarekin aurrera egin, batere gustatzen ez zaidan lan batean ari baino»
Aurten ere lan egiteko asmoa zenuen?
Ez nuen ezer hitzartua, baina sorosle bezala inguruko herriren batean lan egiteko asmoa nuen. Oraindik ez dakigu udako egoera zein izanen den, baina itxura osoa du ni lanean ibili izan naizen alorretan gauza zaila egonen dela. Beharbada ez dira igerilekuak eta abentura parkeak irekiko…
Lan eskaintzak daudela entzun dut eta konfinamenduaren ondorioz lana atera zaien lagun batzuk ditut. Irtenbidea behar bada ez dago etxetik hurbil, baina mugituz gero gustuko lan bat bilatzen ahal dela uste dut. Dena den, jende asko egoera berean edo zailagoan egonen dela uste dut, beraz denontzat lana topatzea zailagoa izanen dela iruditzen zait.
Ikasturtea akitzean egoera nola dagoen ikusita, ze aukera dauden baloratuko dut, baina lanen bat bilatzen saiatuko naizela uste dut, ahal bada etxetik hurbil eta bestela kanpoan. Hala ere, nahiago dut dagoenarekin aurrera egin, batere gustatzen ez zaidan lan batean ari baino.
«Unibertsitatea benetan publikoa izan beharko litzateke eta ordaindu dugun dirurako, ez dut uste hezkuntza egoki bat jasotzen ari garenik»
Ze galera dakar horrek?
Galera ekonomikoaz aparte, galera handiena nire gustukoak diren lanak ezingo ditudala egin izanen da, niretzat erosoenak diren lanak eta etxetik hurbilen daudenak.
Lana egiten ahaleginduko naiz, beharbada ez gehien gustatzen zaidan lanen bat, baina diru minimo bat atera beharra dago aurrera egin ahal izateko. Hala ere, nire egoeran ez dut horrelako arazorik ikusten lan finko bat bilatzen ez badut. Dena ez da lana eta langabezia baino gehiago kezkatzen nauten gauzak daude.
Egoera honetan ikasleei aparteko laguntzak eman beharko litzaizkizueke?
Ikasleontzat beti izaten da zaila laguntzak jasotzea, baina ongi legoke laguntzaren bat jasoko bagenu, unibertsitatea "publikoa" den arren dirua ordaintzen dugulako eta ikasturtea ez delako behar bezala akitzen ari. Unibertsitatea benetan publikoa izan beharko litzateke eta ordaindu dugun dirurako, ez dut uste hezkuntza egoki bat jasotzen ari garenik edo irtenbide on bat bilatu diotenik kurtsoa amaitzeari.