COVID-19: Elkarrizketak

«Udakoa diru-sarrera osagarria baina nabarmena da niretzat»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 12a, 11:30

Udako bestetan zerbitzari aritzen da Iñigo Aldazabal beratarra.

Iñigo ALDAZABAL ZAMARREÑO

Ikasketak eta lana uztartzeko «modu errazena» udan lana egitea zela iritzita, gazte-gazterik, txarangan hasi zuen ibilbidea Iñigo Aldazabalek (Bera,1989). Hiru urtez karrikak girotzen ibili ondotik, «asteburuetan eta udan» zerbitzari aritzea erabaki zuen. 

10 urte baino gehiago
Ikasketak akituta, astegunez ere lan eginagatik, udako lanari eutsi izan dio: «16 urterekin hasi nuen zerbitzari abentura, beharra izanez gero, edozein lan aukeratzen da eta...». 

Probatu eta gustatu egin zitzaionez, 10 urte baino gehiago daramatza horretan. Gaur egun, udako lana «gehigarri bezala» izaten dut.

Agenda «bete-betea»
Uda honetan, «ostatu finko batzuetan» aritzekoa zen eta «agenda bete-betea» zuen: «lanegunak adostuak nituen, zerbitzarion eta gisako lanetan aritzen garenon ordutegi eta egunak aldatzen diren arren». 
Aldaketak bai, baina horrelakorik ez zuen espero Aldazabalek eta aurreikuspenak hankaz goiti jarri zaizkio: «larrialdi egoera hasi eta aste batzuetara bestarik ez zela izanen jakinarazteko deika hasi ziren. Momentuz uztailekoak alde batera gelditu dira baina abuztutik aitzinerako daten zain gaude... Ez dakigu zer gertatuko den». 

«Abuztutik aitzinerako berrien zain gaude oraindik»

Diru-sarrera 
Udako lana «diru-sarrera nabarmena» izaki, beratarraren ustez, «behar izanez gero, bertze bide bat bilatu beharra izanen dute aunitzek». Egoera honetan, bereziki, uda honetan lehenbiziko aldiz lan egiteko asmoa zutenez oroitzen da: «dena alde batera geldituko da baina beraiek gehiago galduko dute: lehenbiziko lan esperientzia, gurasoen menpe egon behar ez izateko diru-sarrera...».

Lana galdu, denbora irabazi
Berak, lan osagarria izaki, egoera beltzari alde ona atera nahi izan dio: «denbora librea irabazi dudala pentsatu nahi dut eta disfrutatzea erabaki dut». Gero gerokoak: «abuztutik aitzinera lana egiteko aukera bada hortxe izanen naiz, bertzela, udaz gozatuko dut». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun