Euskaldunok idazterakoan zenbait zalantza izaten ditugu, adibidez, ohar bat prestatzerakoan nola idatzi? Atze, gibel edo *bigel?
Atze eta gibel zuzenak dira eta idazten ahal dira. Malerreka aldeko zenbait tokitan *bigel erraten da baina ez da zuzena horrela idaztea. Atze eta gibel solasen muga gure eskualdean dago, Zubietan eta Beintza-Labaienen, bertatik mendebaldera atze solasa erabiltzen da, ekialdera, ordea, gibel.
Hori eta bertze hainbat zalantza argitu nahi izan dituzte Malerrekako Mankomunitateak egin berri duen Malerreka aldeko mintzoak gidan, baita bideo laburretan ere.
Lan hau hiru modutan eskuratzeko aukera dago: pdf eta doc formatuetan, eta paperean. Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu Malerrekako Mankomunitateko webgunean.