Torraspapeleko langileek gaur arratsaldean erabakiko dute greban jarraitu edo ez

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 11a, 14:12

Otsailaren 23az geroztik greba mugagabean daude Leitzako Torraspapel lantegian. Aurretik «lan hitzarmen duina» eskatuz bost greba egun egin zituzten, eta horrez gain, otsailaren 26an manifestazio jendetsua ere bai. Gaur arratsaldean langileen batzarra egitekoa dute, eta bertan erabakiko dute mahai gainean dagoena onartu edo grebarekin jarraitu.

Aratz Barandiaran, Leitzako Torraspapel lantegiko enpresa batzordeko idazkariak TTIPI-TTAPAri jakinarazi dionez, gaur 16:00etan bilduko dira langileak, eta bozketa bidez erabakiko dute hemendik aurrera zer egin: «mahai gainean dagoena onartu edo grebarekin jarraitu».

Torraspapel lantegian urtebete daramate lan hitzarmenik gabe, eta hain zuzen, hitzarmen «duina» sinatzeko «negoziazioak blokeatuta» daudela eta, bost eguneko greba egin zuten ilbeltzean eta otsailean. Jarraipen zabala izan zuten ilbeltzaren 30ean, otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an egindako deialdiek.

Otsailaren 23an, berriz, greba mugagabearekin hastea erabaki zuten zuzendaritzarekin egindako bilerek fruiturik eman ez zutela ikusita ,eta geroztik greban daude langileak. Otsailaren 26an manifestazioa ere egin zuten Leitzako kaleetan eta oso erantzun ona izan zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun