Produkzio «guztia» geldirik Torraspapeleko laugarren greba egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 8a, 18:00

«Hitzarmen duin baten alde» laugarren greba eguna dute gaur  Leitzako Torraspapel lantegian. Aratz Barandiaran enpresa batzordeko idazkariaren hitzetan, «momentuz, produkzio guztia geldi» dago: «Nagusi batzuk eta bulegoko langile baten bat bakarrik ari dira lanean». Protesta herriko kaletara ere eraman dute goizean eta herrian itzulia egin dute.

Lan hitzarmen «duina» sinatzeko «negoziazioak blokeatuta» daudela eta, Leitzako Torraspapel lantegian bost eguneko greba abiatu zuten ilbeltzaren 30ean. Aurreneko grebak langileen aldetik erantzun ona izan zuen, eta otsailaren 2an egin zuten bigarren greba egunak ere jarraipen zabala izan zuen. Joan den larunbatean, otsailaren 5ean, egin zuten hirugarrena, eta Aratz Barandiaran enpresa batzordeko idazkariak jakinarazi duenez, «erabatekoa izan zen geldialdia. Inork ez zuen lanik egin». Horrez gain, «errelebo aldaketetako kontzentrazioetara langile asko azaldu zen: 70 bat goizean eta eguerdian eta 40 bat gauean». Greba egunetan errelebo aldaketa guztietan lantegi sarreran biltzen dira.

Gaur laugarren greba eguna dute Leitzako lantegian, eta «momentuz, produkzio guztia geldi» dagoela adierazi du Barandiaranek. Larunbaterako egina dute bosgarren eta azken deialdia, otsailaren 12rako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun