Aratz BARANDIARAN

«Urtebete eta gehiago daramagu enpresaren aldetik zerbaiten esperoan»

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 31a, 16:50

Torraspapel lantegian atzo eguerdian egindako elkarretaratzean. Lehen greba eguna izan zuten atzokoa.

Aratz BARANDIARAN, Leitzako Torraspapel lantegiko enpresa batzordeko idazkaria

Lan hitzarmen «duina» sinatzeko «negoziazioak blokeatuta» daudela eta, bost eguneko greba deialdia egin dute Leitzako Torraspapel lantegian. Atzo izan zuten aurreneko eguna eta Barandiaranen hitzetan, erantzuna «oso ona» izan zen, «dena geldi egon zen» eta gainera, «errelebo aldaketetan egindako elkarretaratzeetan jendea gerturatu zen». Langileen aldarrikapenez eta enpresaren jarreraz mintzatu da TTIPI-TTAPArekin.

Negoziazioak blokeatuta daudela salatu duzue. Zein izan da orain arteko bidea?

Urtebete dugu lan hitzarmenik gabe, urtarrilean urte bat egin dugu lan hitzarmenik gabe. Covid-19aren kontu honekin, lehengo urtean enpresari lehen genuen lan hitzarmena beste urte baterako luzatzea eskatu genion, errelebo kontratua bukatzen zitzaien 20-25 langileei kontratua berritzea bermatuz gero. Ez genion lan egiteari utzi, baina lan aldetik justu egon ginen momentua zen, eta orduan egin genion proposamena. Enpresak, ordea, ez zuen nahi izan. Gero, egoera hobetzen hasi zen, eta ekainean, lan askorekin ari ginenean, enpresak luzatzea proposatu zuen, baina langileek orduan ezetz esan genuen, egoera bestelakoa zela eta ezetz, hobekuntza gehiago behar zirela. Abenduan hasi ginen lan hitzarmena negoziatzen. Guk gure plataforma aurkeztu genuen, eta hiru bilera eduki ditugu enpresarekin. Baina aurrera egin ahal izateko enpresak ezartzen dituen baldintzak ez dira inondik inora onargarriak. Aurrera egiten ez genuela eta enpresaren aldetik deus onik hartu gabe urte bat baino gehiago dugula ikusita, gelditzea erabaki genuen.

«Aurrera egin ahal izateko enpresak ezartzen dituen baldintzak ez dira inondik inora onargarriak»

Zein dira onargarriak ez diren baldintza horiek?

Alde ekonomikoari dagokionez, alde handia dago guk eskatzen dugunaren eta enpresak eskaintzen duenaren artean. Hortik aparte, ordu estren kontua dago. Bost errelebotan ari garenok ordu estra dezente sartzen ditugu, eta aurreneko 40 orduak ordaindu egiten dituzte eta hortik aurrera, egun bat jai eman eta % 75 ordaindu. Langileok aurreneko egunetik egun bat jai ematea eta % 75 ordaintzea eskatzen dugu, baina hori horrela izatekotan, enpresak ordu estrak sartzera behartuak egon beharko genukeela esaten zigun. Hau da, norbait falta baldin bada, gure jai egunetan ere behartuak egonen ginateke lanera joateko. Eta hori ez da inondik inora onargarria, jai egunetan ere enpresaren deien zain egon behar izatea. Bilera horietako batean derrigorrezkoa izan gabe froga egiteko aukera proposatu zuen, baina gustatzen ez bazitzaion, atzera botatzeko aukera izatea eskatu zuen. Neurria nahi duenean indarrean jarri eta nahi duenean alde batera uztea ez da onargarria.

Bere jarrera aldatzeko borondaterik sumatu diozue enpresari?

Borondatea dunaren itxura egiten du, baina ez dago deus, dena baldintzatua dago. Enpresaren jarrera beti negoziazioak luzatzea izaten da, uda aldera horrela ailegatzea eta jendeak oporrak dituenean presa sartzea. Baina  horrelakorik ez onartzea erabaki dugu, eta enpresari denbora markatzea. Urtea eta gehiago daramagu enpresaren aldetik zerbaiten esperoan.

Aldarrikapen plataforma onartzeko eskatzen duzue. Zer dio aldarrikapen plataforma horrek?

30 puntutik gora dira... Eskari asko daude, eta batzuk aipatzearren, alde batetik, soldata igoera KPI-tik gora izatea eskatzen dugu. Lehengo urteko soldata igoera ere zintzilik dugu. KPI gehi urteko mila euroko soldata igoera eskatzen zen, baina eskaera hori egin genuenean ez genekien KPI 6,5 puntukoa izanen zenik.

Bestalde, lanorduak jaistea eskatzen dugu, urtero zortzi ordu jaistea. 12 urte inguru daramatzagu lanorduak jaitsi gabe.

Baimenei lotutako eskaerak ere hor daude. Besteak beste, ordaindu gabeko baimena hartzeko aukera izatea eskatzen dugu, urtero gehienez hilabete bateko baimen ez-ordaindua izateko eskubidea izatea, hain zuzen. Edo lehen bezala, dentistara joateko baimen ordaindua edukitzea...

ETT bidezko kontratazioa mugatzea ere eskatzen dugu. Orain 60 bat langile izanen dira ETT bidez lanean ari direnak. Kategoria baxuenean lanean ari direnen artean eta besteen artean alde handia dago, eta hori mugatzea nahi dugu.

«Espero genuen babes handia jasotzea, baina uste baino handiagoa izan du»

Greba deialdirako batzarrak langileen aldetik babes handia izan zuen.  380 langile inguruk izan zuten bozketan parte hartzeko aukera eta grebaren aldeko 262 boto izan ziren, kontra 18, 6 zuri eta baliogabe bat. Nolako balorazioa eginen zenuke?

Babes handia edukiko zuela espero genuen, azken bizpahiru urteotan enpresaren jarreraren aurrean langileen haserrea gora doalako, eta Covid-19aren harira hartu dituen erabakiak direla eta, oraindik gehiago. Alde horretatik, espero genuen babes handia jasotzea, baina uste baino handiagoa izan da. Batzar horretan beste batzuetan baino 50 bat lagun gehiagok bozkatu zuten, eta alde horretatik oso-oso pozik gaude. Ez hori bakarrik. Atzoko lehen greba egunean dena geldi egon zen. Inork ez zuen lanik egin eta gainera, errelebo aldaketa guztietan, 06:00etan, 14:00etan eta 22:00etan lantegi sarreran bildu ginen eta jende dezente hurbildu zen. Jendearen erantzunarekin oso pozik gaude.

«Bost errelebokoek hiru eguneko geldialdiak eginen ditugu eta gainerakoek bi egunekoa»

Bost greba egun deitu dituzue: urtarrilaren 30ean eta otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an. «Txanda guztiei» eraginen dietela adierazi duzue. Azalduko zenuke?

Lantegian hainbat errelebotan lan egiten dugu. Batzuk bi errelebotan ari dira, beste batzuk hirutan... Batzuk lanaldi zatitua dute, eta gehienak bost errelebotan, zazpi egun lan  eta bost jai eginez, ari gara. Bost greba egun segidan jarri izan bagenitu, langile batzuek bost egunez eginen lukete greba, eta beste batzuk jai edukiz gero, batere ez. Horregatik antolatu ditugu greba egunak horrela, batzuk astegunez, eta beste egun batzuk asteburuetan, langile guztiei eragiteko. Soldata ere kontuan hartu dugu. Bost errelebokoek dute soldata handiena, eta grebak denentzat kostu berdintsua izan dezan saiatu gara. Horrela, bost errelebokoek hiru eguneko geldialdiak eginen ditugu eta gainerakoek bi egunekoa.

Lehen greba eguna pasatuta, enpresak keinurik egin du?

Ez, momentuz ez. Lehengo astean bilera eskatu genion, baita idatziz ere, baina ez dugu erantzunik jaso. Pentsatzekoa da aurreneko greba egunean ez dela etorriko, baina espero dugu gutxienez biltzeko prest egotea.

Hemendik aurrerako greba egunetan nolako erantzuna espero duzue?

Atzoko erantzuna eta bozketaren emaitzak ikusita, erantzuna oso ona izaten ari da, eta hala izaten jarraitzea espero dugu. Hortik aurrera enpresak mugimendurik egiten duen edo ez ikusi beharko da. Denborak esanen du.

Zein mobilizazio eginen dituzue ondoko greba egunetan?

Geldialdi egunetan, errelebo aldaketa guztietan lantegira hurbilduko gara eta astegunez eginen ditugun greba egunetan, asteazkenean (otsailaren 2an) eta datorren asteartean (otsailaren 8an) 08:00etan enpresa sarreran ere bilduko gara, nagusiak lantegira sartzen diren orduan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun