«Lan hitzarmen duina» eskatuz bost greba egun egin dituzte Leitzako Torraspapel lantegian: ilbeltzaren 30ean, otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an. Jarraipen zabala izan dute guztiek «lantokia erabat gelditzea» lortu dutelako eta horrez gain, «elkarretaratze jendetsuak» egin dituzte.
Langileek argi erabaki dute greba mugagabea hastea, atzo zuzendaritzaren eta komitearen arteko bilerak ez duelako aterabiderik eman. LABek (bederatzi ordezkari) eta ELAk (lau ordezkari) osatutako enpresa komiteak azaldu duenez, «negoziazioak ez aurrera ez atzera gelditu direnean eta blokeo egoera nabaria denean» egin dute grebarako deialdia.
380 langileko erroldatik 286 lagunek parte hartu dute gaurko bozketan, eta 258 langilek greba mugagabeari baiezko botoa eman diote, 19k ezezkoa, zazpi boto zuri izan dira eta bi baliogabeak.
Bihar 11:00etan Torraspapel enpresako atarian prentsaurrekoa emanen du langileen komiteak.