Lan hitzarmen «duina» eskatuz, bost egunez greba egin dute Leitzako Torraspapel lantegian: ilbeltzaren 30ean, otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an. Jarraipen zabala izan dute guztiek, baita joan den larunbatean egin zen bosgarren greba egunak ere. «Lantokia erabat gelditu zen eta elkarretaratzeak jendetsuak izan ziren», adierazi du Barandiaranek.
Baina enpresaren jarrera salatu nahi izan du: «azken bilera ilbeltzaren 12an egin genuen eta zuzendaritzak ez du beste bilerarik deitu ordutik. Ilbeltzaren 21ean idatziz eskatu genion bilera. Erantzunik ez zegoela ikusita, pasa den asteazkenean berriz egin genuen bilera eskaera. Baina momentuz ez dago erantzunik».
Hori horrela, ostegunean, otsailaren 17an, berriz langileen batzarrak egitea erabaki dute: «Zuzendaritzaren jarrera ikusita, hemendik aurrera hartu beharreko neurrien eta mobilizazioen inguruan erabakiak hartuko ditugu».