«Lan hitzarmen duina» eskatuz bost greba egun egin dituzte Leitzako Torraspapel lantegian: ilbeltzaren 30ean, otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an. Jarraipen zabala izan dute guztiek «lantokia erabat gelditzea» lortu dutelako eta horrez gain, «elkarretaratze jendetsuak» egin dituztelako. Horien ondoren joan den ostegunean biltzekoak ziren langileak berriz «zuzendaritzaren jarrera ikusita, hemendik aurrera hartu beharreko neurrien eta mobilizazioen inguruan erabakiak hartzeko». Azkenean, ordea, osteguneko batzarrak «informatiboak» izan ziren, Aratz Barandiaran lantegiko enpresa batzordeko idazkariak azaldu duenez, «zuzendaritzak bilerarako deia egin digulako».
Gaur 11:00etan bilduko dira bi aldeak, zuzendaritza eta komitea, eta «enpresarekin bildu eta gero erabakiko dugu hurrengo pausoak zein izanen diren». Gaineratu duenez, «astelehenean eta asteartean eginen ditugu batzarrak».