«Lan hitzarmen duina» eskatuz bost greba egun egin zituzten Leitzako Torraspapel lantegian: ilbeltzaren 30ean, otsailaren 2an, 5ean, 8an eta 12an. Jarraipen zabala izan dute guztiek, baita joan den asteburuan egindako manifestazioak ere. Horren harira, «manifestazioaren balantzea oso positiboa» egin du Barandiaranek. «Jendetza bildu ginen eta eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren guztiei emandako babesagatik eta indarragatik».
Gisa berean, «lan hitzarmenaren negoziazioak duen blokeo egoera gainditu asmoz» otsailaren 23az geroztik greba mugagabean segitzen dute langileek.