Bestak 2025

Uztailaren 4tik 10era ospatuko dituzte Lesakako sanferminak

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 4a, 10:00

Astelehen eguerdi partean, San Fermin egunean, dantzatuko dute Zubigainekoa.

Txupinazoa igande eguerdian piztuko badute ere, ortziralean eta larunbatean ere hainbat ekitaldi izanen dira eta bisitari gehienak orduan espero dituzte.

Ohi bezala, uztailaren 6an, igande eguerdian piztuko dute Lesakako sanferminetako txupinazoa. Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkartea izanen da horren ardura izanen duena. Dena den, ortziralean eta larunbatean ere hainbat ekitaldi izanen dituzte eta bisitari olde handiena ere orduan espero dute. Zubigainekoa uztailaren 7an, astelehen eguerdi partean dantzatuko dute eta asteartean izanen dute peñen eguna.

 

EGITARAUA

Uztailak 4, ortziralea

23:00etan La Txama taldearen emanaldia Plaza Zaharrean. Ondoren DJ Infernu.

 

Uztailak 5, larunbata

16:30ean Benito Taintaren omenezko II. pilota txapelketaren finalak udal pilotalekuan, Arkupe Pilotazaleen Elkarteak antolatuta. 22:00etan Muxutruk taldearen emanaldia Plaza Zaharrean. Ondoren DJ Endara.

 

Uztailak 6, igandea
Bezpera Eguna

10:30ean Lesakako Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren kalejira Lesakako Gaitariekin. 11:00etan Lesakako Txistulari, Lesakako Soinulari eta Lesaka Trikitixa Taldearen kelajirak. 12:00etan Herriko Etxetik piztuko den altxaferoaren eztandak emanen die hasiera aurtengo bestei. 12:15ean Elutxa Txarangak eta haur ttikien danborradak girotuko dituzte herriko karrikak euren soinu alaiekin. 17:30ean Tantirumairu Euskal Folklore Taldearen dantza erakustaldia udal pilotalekuan. 20:00etan altxaferoa bota ondotik danborrada nagusia abiatuko da, Lesakako Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Lesakako Banda eta guzti, herri erdigunetik itzulia emanez. 23:00etatik aitzinera Akerbeltz taldearen emanaldia Plaza Zaharrean.

 

Uztailak 7, astelehena
Fermin Donearen Eguna

08:30ean Ezpata dantzarien meza isila. Joan-etorria Txistulari taldearen laguntzaz eginen da. 10:30ean Udalbatza bertze agintariekin, Ezpata dantzari eta Musika Bandarekin batera, herriko ikurrak aitzinean dituztela, abiatuko dira Herriko Etxetik elizara, Meza Nagusira. Bertan, Lesakako Abesbatzak parte hartuko du. Meza ondotik, Fermin Zaindariaren irudiarekin herri erdigunetik prozesioa eginen da. Ondotik, Udalbatza, lehen aipatutakoekin, mezara joan diren moduan jaitsiko da Eskolttikira, Onin errekaren bi aldeetan egiten den Zubigainekoa dantza ikustera. Honen ondotik, Bandera-arbola doinuari dagokion ikurrin-agurra zubi gainean. Agur edo dantza bera Plaza Zaharrean, ikurra Herriko Etxera igan aitzinean. 18:00etan Bezperak; Elizara joan-etorria Meza Nagusira bezala eginen da. Bezperetan, Lesakako Abesbatzak kantatuko du. Bezperak akitu ondotik, eta ohiturari jarraiki, herriko dantzariek Zantzomonona, Esku dantza, Aurreskua eta Jota eta Porrusalda dantzatuko dituzte. 19:00etan Plaza Zaharrean, bertso saioa, Arrano Elkarteak antolatua. Bertsolariak: Ekhiñe Zapiainen agindupean: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Josu Sanjurjo eta Julen Zelaieta. 21:00etan Larrain Dantza Lesakako Gaitariekin Plaza Zaharrean. 22:00etan Zezensuzkoa. Ondoren, Mogumbo Brass Band taldearen emanaldia.

 

Uztailak 8, asteartea
Peñen Eguna

08:30ean Diana Lesakako Gaitariekin. 09:00etan Peñen gosaria. 10:00etan peñen danborrada Elutxa txarangarekin, 12:00etan betizuak Plaza Zaharrean Elutxa txarangarekin. 18:00etan peñen elkartzea Elutxa txarangarekin, peñen jaitsierarako. 20:00etan Sakatu Elektrotxaranga. 00:00etan Itzal taldea Plaza Zaharrean.

Peñen eguneko jautsiera iaz.

 

Uztailak 9, asteazkena
Haurren Eguna

08:30ean Diana Lesakako Gaitariekin gasolindegitik plazara. 10:30ean haur eta gurasoen danborrada. Ondotik, buruhandiak eta haurrentzako entzierroa. 12:00etan betizuak Plaza Zaharrean Elutxa txarangarekin. 14:30ean Señora Bazkaria Azkaineko emakumeekin ahizpatuta Kasino jatetxean. Xulufrinak Lesakako Sare Feministak antolatua. 16:00-19:00 haur ikuskizunak Eltzeta Plazan. Eguraldi txarra egiten badu. Goiko frontoian izanen da. 17:00etan esku pilota partida profesionalak frontoian. 19:00etan Elutxa txaranga karrikaz karrika. 21:00etan Larrain Dantza Plaza Zaharrean Lesakako Gaitariekin. 22:00etan zezensuzkoa. Ondoren, Zurrunbilo taldearen emanaldia ostatuz ostatu.

 

Uztailak 10, ortzeguna
Herritarren Eguna

08:30ean Diana Lesakako Gaitariekin, Martxanpaitatik plazara. 10:30ean haurrentzako Bizitza festa bat da!  Ipuin musikatua Harriondoan. Ondoren, haurrentzako entzierroa Harriondotik Plaza Zaharrera. 11:00etan Andra Mari Zahar Etxeko lorategian, Bankako Menditarrak. Ondoren, Alondegiko arkupeetan. San Fermin Jubilatu eta Pentsionisten Elkarteak antolatua. 12:00etan betizuak Plaza Zaharrean, Elutxa txarangarekin. 13:45ean herri bazkarira kalejiran Elutxa txarangarekin. 14:30ean herri bazkaria Eltzeta Plazan. Ondotik, musika emanaldia Beñat Mitxelenarekin. 18:30ean Txakaindik jaitsiera Zortziko doinuarekin. 20:30ean Oilar Beltzak musika taldea Plaza Zaharrean. 00:00etan Jai-Hilak Elutxa txarangarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun