Bestak 2025

«Lehen gauez gehiago ibiltzen ginen eta orain egunez gehiago tokatzen zaigu, batzuri bai behinik behin»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 3a, 13:00

Ziharka peñako kideak, joan den urteko sanferminetan. Aurten hogeigarren urteurrena ospatzen ari dira urte osoan.

Duela hogei urte sortu zuten Ziharka peña. Ordura arte, «kuadrillako jende gehiena, gurasoen peñako blusekin edo peñarik gabe ibiltzen ginen eta gurea sortzeko aukeraz solasean hasi ginen. Lehenengo urtetan, kuadrillakoek bakarrik osatzen genuen. Gerora, jende berria sartzen joan da eta kopurua nahiko hazi da gaur egun», aipatu digu Jon Alberro peñako kideak.

Denen gustuko izena lortzea ere ez zen lan erraza izan: «Jendeak proposamenak botatzen zituen eta bozketa egin genuen azkenean. Badakizu, horrelakoetan ideia on bat ateratzerako hamaika tontakeria erraten ziren eta bere denbora eman zigun izen egokia lortzeak». Ziharka izenarekin, «batetik, ezpata dantzarien dantzari keinu bat egin nahi genion eta bertzetik, besta giroan aunitz ibiltzen ginelako eta, behin baino gehiagotan, nahiko lanekin ziharka joaten ginelako etxera… (kar-kar)».

 

Besta egiteko moduan aldaketak

Hasieran, kuadrillako 35 bat gaztek osatu zuten peña, «baina urteak aitzinera, bikoteak eta seme-alabak gehitzen joan dira eta orain 4-5 urte, Lesakako bertze gazte kuadrilla bat ere hasi zen gurekin ibiltzen. Beraz, guztira 75-80 bat izanen gara». Urteen poderioz, nola ez, besta egiteko modua ere aldatu zaie Ziharkakoei: «Nahiz eta oraindik ere ilusioz hartzen ditugun, hasi ginenean 16-18 urte genituen eta normala den bezala, orain baino indar handiagoarekin hartzen genituen sanferminak. Orain, bertze zeregin batzuk daude (familia, lana…) eta zaila da 18 urtetako erritmo berdina izatea. Hala ere, egia da peñako kide guztientzat sanferminak hagitz garrantzitsuak direla eta egun hauetan elkartu eta giro onean egoteko gogoz egoten gara», aipatu digu Alberrok. «Ezin dira 18 urterekin genituen erantzukizunak eta gaur egun ditugunak alderatu –dio– eta horrek besta egiteko modua baldintzatzen du. Lehen gauez gehiago ibiltzen ginen eta orain, egunez gehiago egotea tokatzen zaigu, batzuri bai behinik behin (kar-kar)».

 

Urte osoan urteurrena ospatzen

Hogeigarren urteurrenaren harira, urte osoan egiten ari dira ekintzak eta sanferminetarako deus zehatzik antolatu ez badute ere, «garrantzitsuena, jendea gauzak antolatzeko eta parte hartzeko gogoz dagoela eta beraz, dudarik gabe, ekitaldi gehiago izanen ditugu aurten». Peña handia izaki, bakoitzak besta egiteko bere modua du, baina peñen egunaz gain, bezperan ere beraientzat ekitaldi berezia izaten dute. «Peñen eguna handiena da guretzat eta bazkariaz gain, egun osoan ibiltzen gara bueltaka. Gosaria egiten dugu soziedadean eta akordeoilari bat etortzen da urtero gurekin gosaritik hasi eta arratsera arte. Baina uztailaren 6a ere hagitz polita eta berezia izaten da guretzat. Goiz goizetik, gure kuadrillakoa zen Lander Arriolaren omenez paratutako zuhaitzera joaten gara eta lore sorta bat eta painulu gorria paratu ondotik gosaltzera jausten gara herrira. Txupinazoa ikusi eta bazkaria prestatzen dugu elkartean. Ondotik, kuadrillako “txarangak” lagunduta, poteo musikatua egiten dugu danborrada hasi arte».

«Uztailaren 6a ere polita eta berezia da guretzat. Goizean, peñakoa zen Lander Arriolaren omenez paratutako zuhaitzera joaten gara eta lore sorta bat eta painulu gorria paratu ondotik gosaltzera jausten gara herrira»

Irrintzi eta Kalaxka peña historikoen arteko “ribalidadea” ezaguna da, baina XXI. mende hasieran, garaitsu berean, sortutako peñen artean ere izaten dituzte beraien lehia umoretsuak. «Badago bai! –aipatu digu Alberrok–, gure urte berean (seguruenik gure ideia aditu ondotik…kar-kar) bertze peña batzuk ere sortu zituzten. Erretiradi peñarekin beti izan dugu halako pike sano bat eta kasualitatea edo ez, beraiek ere aurten 20 urte egiten dituzte, baita Altxadi peñak ere. Zorionak beraiei ere!».

Gauzak antolatzeko peñako presidente izendatzen dute kide bat bozketa bidez peñen eguneko gosarian. «Urtero jende desberdina ateratzea saiatzen gara, baina beti bada presidentetza lanak gustuko dituen jendea eta bozketa interesgarriak izaten ditugu. Urtero, bozketaren ondotik, presidente makila ematen diogu eta urte osoan gauzak antolatzeko erantzukizuna izaten du», dio Alberrok.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun