Bestak 2025

Puntu Morea eta arretarako telefonoa prest dituzte Lesakako bestetako asteburuan

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 3a, 15:00

Aurten Eskribonean (Beheko Plaza, 5) paratuko dute Puntu Morea eta ez Eskol-Ttikin.

Eskribonean (Beheko Plaza, 5) emanen dute aurten zerbitzua eta ez Eskol-Ttikin.

«Denon ardura dela bestak askatasunean gozatzeko eskubidea bermatzen duten besta guneak eraikitzea»

Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak gogorazi nahi du «denon ardura dela bestak askatasunean gozatzeko eskubidea bermatzen duten besta guneak eraikitzea. Besta parekide batzuen alde egin eta Lesaka leku seguru bat izatea, edozein diskriminazio eta indarkeria matxistaren aitzinean modu aktiboan jardunez».  Aurten ere, Lesakako sanferminetan Puntu Morearen zerbitzu profesionala eskainiko dute eta kokalekua Eskribonea eraikinera aldatu da, Beheko plaza 5ean (Correos parean). «Gogoratu: erasoren bat ikusi edo jasanez gero, puntu morera jo edota txosna gunean zapi morea dutenek lagunduko dizute».

Hiru zerbitzu eskainiko dituzte ortzirale eta larunbat honetan:

19:00etatik 00:00etara Informazio Gunea. Karpa morea: Herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko besta eremuan kokatutako informazio gunea izanen da. Emakume, neska gazte zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen erasoen gaineko bizipenak eta iritziak bildu, eta horien gaineko informazioa zein horiei aurre egiteko tresnak eskainiko dituzte. Eraso matxistak ez gertatzeko gizon eta mutilak ohartarazteko gunea ere izanen da, prebentziorako eta, erasorik gertatuko balitz, erantzuna bideratu ahal izateko.

00:00etatik 08:00etara Arreta Gunea. Eskribonean: Bestetan neska, emakume nahiz LGTBIQ+ kolektiboko kideren batek eraso bat pairatuz gero, arreta eta laguntza zuzena eta profesionala eskaintzeko zerbitzua da. Bestetan gertatzen diren edozein intentsitateko eraso matxisten aitzinean, erasoa jasan duenari aurrez aurreko arreta emozionala zein bidelaguntza ematea, eta horiei aurre egiteko dituen aukeren gaineko informazio egokia eta aholkularitza eskaintzea. 

Salaketa eta arreta telefono zerbitzua Izanen da  19:00etatik 08:00etara (722 467 197). Indarkeria matxista edota bestetan eman daitezkeen erasoen aitzinean, telefono bidezko zerbitzua da. Herritarrei Arreta telefonoa gordetzeko gonbidapena luzatzen diete, beharra izanez gero, erraz eta azkar nork bere mugikorrean eskura izan dezan.

Sanferminetako bertze egunetan eta urte osoan, indarkeria matxistarekiko edozein gertaera edo bizipenen inguruko informazioa helarazi edota baliabideen berri izan nahi duenak: berdintasuna@bortziriakberd.eus helbidera idatzi edo 722 69 30 78ra deitu goizez. Anonimotasuna bermatuko da. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun